Valve-k Steam Deck gailuaren gaitasunak eta aukerak hedatzen jarraitzen du: bi bertsio nagusientzako eguneraketa da.
Steam Deck eskuko PCak SteamOS 3.6.0 eguneratzea jaso du. Aurrerapen (preview) adabakien artean kaleratu du Valvek, probaldia hasita. Dozenaka aldaketa eta hobekuntza dakartza: guztiak Steamen argitaratutako zerrendan aurki daitezke.
Garrantzitsuenak GNU/Linux-i nahiz Mesa grafikoen liburutegiari dagozkien berritasunak dira, ziurrenik. Linux kernel-a 6.5 bertsiora eguneratu da, KDE Plasma 5.27.10 adabakira, eta Arch Linux oinarria ere bertsio berriagora igaro; Mesak, berriz, 24.1 adabakia jaso du. Hauei esker, sistema eragilearen eguneraketak bizkortu, errendimendua areagotu zein hobekuntza orokorrak gehitu dira, beste hainbat hobekuntzen artean.
Ez dira berrikuntza bakarrak. 3.6.0 bertsioaren deskribapenean “urrutitik agindutakoa” aipatzen da, eta horri lotutako ezaugarriak ikusiko ditugu. Steam Deckaren Oled bertsioa pizteko erabilitako bluetooth gailuak zehazteko aukera dugu nabarmenena; dena den, ezaugarri hau fintzen jarraituko dutela diote.
Bluetooth A2DP and BAP profilak gehitu dituzte, baita bluetooth tresnen konexio abiadurak azkartu ere. Apple AirPods gailuen euskarria hobetu dela ere azpimarratzen da zerrendan.
BIOSari lotuta, Oled bertsioak zeukan ezaugarri garrantzitsua iritsi da LCD bertsio zaharrera: overclock kontrolak. Indar pixkat gehiago erabiltzeko bidea izango da adituentzat.
Aipatutakoez gain, Deck Dock ofizialarentzako hobekuntza desiratuak, SD txartela sistema abiaratzeko bide bezala ezartzeko aukera, Steam UIren errendimendu areagotzea eta askoz aldaketa gehiago aldarrikatzen dituzte Valveko garatzaileek.
Esan bezala, aurrerapen eguneraketen zerrendan aurkituko dugu SteamOS 3.6.0 bertsioa. Hori aktibatzeko, Deckaren aukeretan sistema / sistemaren eguneraketen katea aukerara sartu beharko gara.
Aurrerapenek akatsak eduki ditzaketela diote arduradunek; hortaz, ahalik eta esperientziarik onena gura dutenek kate egonkorrean jarraitu beharko dute, bertsio berria bertara iritsi arte.
Bi urte baino gehiago daramatza Steam Deckak merkatuan; 2023ko azaroan estreinatu zen, gainera, Oled bertsioa. Ordutik hona gailua hobetzeko dozenaka eguneraketa handi kaleratu ditu Valvek, tresnarekin egindako apustua serioa dela argi utzita.
Game Erauntsiaren analisian “ia-ia ez daukala mugarik” aipatu genuen, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu: hobekuntzekin hasiera batean eskainitako sentipen onak are gehiago hobetzea lortu dute. Komunitateak egindako lana ere goraipatzekoa da, Decky plugin-a zein Emudeck bezalako tresnekin gailuaren aukerak biderkatuz.
Asus ROG Ally ere eguneratuta: X gailu berria dator
Deckak hasitako ibilbideak ordenagailuen munduko fabrikatzaile desberdinak erakarri ditu. Asus da horietako bat: iazko ekainean Asus ROG Ally gailua merkaturatu zuten, eta atzo bertan bertsio berria aurkeztu. Asus ROG Ally X izenarekin, tresna indartsuaren eguneratze orokorra izango da.
Prozesadorea zein pantaila mantenduko dituzte: AMD Ryzen Z1 Extreme erabiliko du bertsio berriak, baita zazpi hazbeteko IPS pantaila ere. Ez dugu itxura ikusi, baina, aipatzen denez, kolore beltzean erosi ahalko dugu.
Bateria aldetik dator lehenengo berrikuntza: gaitasuna zehaztu gabe, iraupena % 30 eta % 40 artean hobetu dutela diote arduradunek.
Bigarrenik, RAM memoria gehiagorekin helduko da. 16GBetatik 32GBetara igaroko da X bertsioa; halere, honek suposatuko dituen hobekuntzak ikustekoak izango dira.
Bukatzeko, Windows 11rekin batera erabiltzen duten Armoury Crate SE softwarea 1.5 bertsiora eguneratuko dute —ROG Ally originalak ere jasoko du—, denetariko hobekuntzak gaineratuz. Jokoen liburutegian iragazkiak erabiltzea, menuak pertsonalizatzeko aukerak eta beste hainbat hobekuntza aipatu dituzte.
Alde negatiboak ere baditu: gailuaren pisua aregotuko dela dirudi, nahiz eta ez duten zifrarik zehaztu.
Prezioa ere argitu gabe geratu da, argitaratze datarekin batera. Behintzat, aurkezpen ofizialaren data iragarri dute: ekainaren 2an Asus ROG Ally Xren gaitasun guztiak ezagutzera emateko ekitaldia egingo dute.
Iruzkinak