PC-an nahiz kontsoletan estreinatuko da aurten. Doako proba prestatu dute Thunderful Games-ekoek.
Thunderful Gamesek SteamWorld frankiziaren hurrengo atala iragarri du: SteamWorld Build gainerako tituluengandik urrunduko da “SimCity-ren eta Dungeon Keeper-en nahasketa” aurkezteko. Hau da, kudeaketa elementuak biltzen dituen estrategia jokoaren aurrean gaude.
Cowboy robotikoen estetikara itzuliz, SteamWorlden lehen hiru dimentsioko bideojokoa izango da Build. Hiriak sortzea izango da gure helburu nagusia: hauek antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratu beharko gara, baina baita inguruetako meatzeak uztiatzeaz ere. Modu horretara hiriak eraikitzeko baliabideak eskuratuko ditugu.
Hortaz, hiriaren atalak SimCityrengandik hartuko duela esan dezakegu; meatzeetan sartzerakoan, ordea, Dungeon Keeperren antzeko mekanikak ikusiko ditugu. Baliabideak uztiatzeko esploratzen eta eraikitzen ariko gara; ez hori bakarrik, gure langileak etsaien erasoengandik babestu beharko ditugu.
Premisa honek abiapuntu narratiboa ere izango du, gainera: planetatik ihes egiteko suziria eraikitzea izango da egingo dugun guztiaren xedea. Hori horrela, SteamWorld Dig 2-rekin lotura edukiko du Buildek.
Aipatutako guztia probatzeko doako proba argitaratu dute Thunderfulekoek Steam, GOG eta Epic Games Store saltokietan. Agerikoa denez, PCrako garatzen dabiltza SteamWorld Build, baina PlayStation, Xbox eta Nintendo Switch kontsoletan ere kaleratuko dutela diote: aurten estreinatzea aurreikusten dute.
SteamWorld hedatu nahian
Build ez da SteamWorldeko unibertsoan girotutako joko bakarra izango, baina. Thunderfulekoek duela urtebete baino gehiago aurkeztu zuten SteamWorld Headhunter —hau izan behar zen berez sagako lehen 3D abentura—: hirugarren pertsonako akziozko joko kooperatiboa izango da.
Ez dugu ezer berririk jakin aspalditik Headhunterren inguruan; hala eta guztiz ere, garatzaileen azken finantza txostenean irakur daitekeenez, hau ere aurten argitaratzeko asmoa daukate.
Headhunterrez eta Buildez gain beste bi bideojoko prestatzen dabiltza, gainera: gailu mugikorretarako puzzle abentura —hau ere aurten estreinatuko zen— eta txandakako estrategia titulua. Aipatutako txostenean filtratu zen lehen aldiz Build, beraz gainerako jokoak ere baieztatutzat eman ditzakegu.
Iruzkinak