Maider Uranga arduratu da Paction Games daniarraren jokoa itzultzeaz. PCan zein mugikorretan aurkituko dugu.
Euskarazko puzzle abentura berria da gure artean. Sticky Struggles bloke itsaskorrak ditu protagonista: hauek gune batetik bestera eramateko bidea asmatzen ibili beharko gara.
Sokoban generoko mekanikak eta ideiak bereganatzen ditu Paction Games estudio daniarraren bideojokoak; hau da, kaxak eta bestelakoak bultzatzen zein mugitzen ariko gara Sticky Strugglesen aurkezten zaizkigun erronkak gainditzeko.
Hala ere, Pactionen lanak berezitasun propioak dauzka: 50 bat mailetan —eta 25 erronka gehigarrietan— banatutako puzzleetan koloreekin jokatu beharko dugu oztopoei aurre egin ahal izateko. Maila bakoitza bukatzeko “bide anitzak” agintzen dituzte egileek, irudimena eta adimena sustatuz.
Atal estetiko minimalista ikustekoa da, baita; izan ere, bi zein hiru dimentsioetan aritzea proposatzen digu bideojokoak.
Puzzle jokoa joan den urteko ekainean merkaturatu zen gailu mugikorretan; PCko bertsioa otsailean argitaratu zen. Dena den, euskarazko itzulpena oraintsu gehitu dute: Maider Uranga arduratu da lokalizazio lana burutzeaz. Interfazea, gomendioak eta gehiago irakurriko ditugu gure hizkuntzan.
Euskaratzea ofiziala denez, ez dugu mod-ik edo bestelakorik instalatu beharko: jokoaren menu nagusira jo, hizkuntzetan sartu eta gurea hautatu baino ez dugu egin behar.
Ordenagailuetan Steam saltokian eros dezakegu Sticky Struggles 99 zentimoren truke. Android zein iOS gailu mugikorretan, ordea, oinarrizko jokoa doan eskuratzeko aukera daukagu: maila gehigarriak zein iragarkirik gabeko partidak ordainpeko bertsioan aurkitzen dira.
Iruzkinak