Lizardcube, Guard Crush Games eta Dotemu estudioek doako adabakia prestatu dute 2020ko beat ‘em up apartarentzat.
Streets of Rage 4 ikaragarriak azken ezustekoa prestatu du zaleentzat: argitaratu eta ia hiru urtera azken eguneraketa handia jaso du beat ‘em up abentura mitikoen laugarren atalak. Zehazki, modalitate berria eta jokoa hobetzen laguntzeko 300 aldaketa inguru gehitzen dizkio 2020an merkaturatutako tituluari.
Biziraupen modalitate pertsonalizatua da proposatzen digutena; hau da, orain arteko Survival joko mota hartu eta guk nahi bezala jokatzeko tresnak eskaini dizkigute. Partida hasteko mailaren, osasuna berreskuratzeko objektuen, armen eta beste hainbat aukeren artean hauta dezakegu gure partidak prestatzeko.
Bestalde, hobekuntzekin denetariko aldaketak ikus daitezke beat ‘em upean. Gehienak, zelan ez, jokoaren orekari eta konboen bideragarritasunari lotutakoak dira: bideojoko zaila eta zehatza izanik, ahalik eta esperientzia ederrena findu nahi izan dute lanarekin bukatzeko.
Mugimendu kooperatiboak dira garatzaileek nabarmendutako beste berrikuntzetako bat. Bi jokalari batera aritzerakoan elkarrekin eraso bereziak egin ditzakete bata besteari jaurtita. Beste ekarpen bat jokoak berez dakarren mugimendu sorta zabalarentzat, hortaz.
Aipatutakoak doako eguneraketaren bidez helduko dira bideojokora; hala eta guztiz ere, ordainpeko DLC bat edukitzea ezinbestekoa izango da edukiez gozatzeko: duela urte pare bat Mr. X Nightmare izeneko espantsioari buruz gabiltza.
Lizardcube, Guard Crush Games eta Dotemu estudioek Sega japoniarraren klasikoak hartuta Streets of Rage guztiz berria eratzeari ekin zioten. Game Erauntsian ikaragarri gustatu zitzaigun —bere mugen barruan, behintzat—, eta horixe bera adierazi genuen gure analisian:
Streets of Rage 4k beste garai bateko jokoen magia berpiztea lortu du, onerako eta txarrerako. Beat ‘em up dibertigarri batera jokatzeko gogoa baduzu Segaren lanak ez dizu hutsik egingo. Baina generoaren klasikoen modura, joko laburra eta errepikakorra da.
Streets of Rage 4 ordenagailuetan, PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta Android nahiz iOS gailu mugikorretan eskuragarri dago.
Iruzkinak