Norbait sortzailearen lehen bideojoko komertziala Steam eta itch.io plataformetan estreinatu da.

Strelitzia iragarri du Norbait garatzailearen Sorgintza estudio euskaldunak. Euskaraz jokatu ahalko den danmaku estiloko shoot ‘em up abenturan ehundaka tiro saihestu beharko ditugu gure hegazkinean, aldi berean arerioen ontziak eraisten ditugun bitartean.

2000ko hamarkada hasieran Cave talde japoniarrak argitaratutako tituluak oinarritzat hartu ditu Norbaitek, dioenez, “DaiOuJou eta Mushihimesama” inspirazio iturritzat edukita.

Ezagutzen zuen generoa zen, baina, orain gutxira arte, ez zen estilo honetako obren zalea. Norbaiti akzio jokoek erakartzen diote gehienbat; tartean, “Touhou jokoren bat edo beste jokatuta” zeukan arren, “shmup zale Strelitzia garatzen hasi ostean bakarrik bilakatu” dela nabarmentzen du Sorgintza estudioko sortzaileak. Garapenarekin hasita, generoko “maisulan etiketa” daukaten shmup tituluekin hasi zen, bidean “sekulako zaletasuna hartuta”.

Genero zaila da danmakuena, hiltzea oso erraza, eta buruzagiak garaitzeko palankarekin sekulako trebezia erakustea beharrezkoa izanik. Horren inguruan mintzatuta, “Strelitziak danmaku jokorik inoiz ukitu ez dutenentzat zailtasun aukera izango duela” aurreratu du egileak.

Nahiz eta ofizioz 3D artista den, bideojokoetatik at lan egiten du Norbaitek —merkaturatutako titulu txiki bateko artea ere sortu duela aipatzen du, baina ez du izena adierazi izan nahi—. Unity zein Unreal Engine garapen motoreekin hainbat proba egin ostean hasi zen mundu honetan pixkanaka-pixkanaka murgiltzen. Ez dira, ordea, Strelitzia sortzeko hautatutako tresnak: Godot kode irekiko erremintarekin abiatutako proiektu txikiaren emaitza da Strelitzia.

 

Txikitik handira

“Joko txikitxo” gisa, probekin hasi zen Norbait: “Ikasteko, besterik gabe”. Espazio ontzia maneiatzeko tituluak egokiak direla dio, “programatzeko generoa sinplea” izanik. Garapenak aurrera egin ahala, sortzen zebilena geroz eta ederragoa iruditzen zitzaion garatzaileari. Txukunduz eta finduz, lagunei erakusteko moduko proiektua izateraino iritsi zen; are ordu gehiago eskainiz, curriculumean gehitzeko modukoa; azkenean, “benetako joko komertziala” garatzen amaitu du euskal egileak.

Hainbat bideojoko garatzen duten indie sortzaileak “gutxi” direla azpimarratzen du, eta, hori esanda, “Steam saltokian Shmup jokoa saldu nahi dutenen eta burutik jota dauden pertsonen arteko Venn diagrama borobil perfektua dela” uste du Norbaitek. Bideojokoetatik aldentzeko gogorik gabe, baina, sortzailearen asmoa “% 100ean bideojoko gehiago garatzea da”, eta buruan proiektuak hautatuta dituela dirudi: “Zeintzuk garatu nahi ditudan badakit”.

Steam eta itch.io saltokietan aurki dezakegu Strelitzia. Oraindik argitaratze datarik gabe, esan bezala, gure mintzairan jokatzeko aukera edukiko dugu.