Elkarri lotuta dauden bi jostailurekin eskalatzen ariko gara adiskide batekin batera. Steam bidez kaleratu du Hugecalf Studios-ek.
Euskaraz ofizialki estreinatutako titulu berria dugu Stuck Together. Abentura kooperatiboak elkarlana eta adiskidetasuna frustrazioarekin eta gorrotoarekin uztartzen ditu proposamen dibertigarriari esker.
Hugecalf Studios lantaldeko Ander Goenaga garatzaile euskaldunari esker joka dezakegu gure hizkuntzan. Goenagak azaldu digunez, itzulpena guztiz txukundu gabe aurkitzen da oraingoz, baina testuak errepasatzeko lana egingo duela agindu du sortzaileak.
Hori horrela, menu nagusiko hizkuntzen atalean euskara hautatu baino ez dugu egin behar testuak gure mintzairan agerrarazteko.
Etxeko jostailu zaharren kaxoian aurki dezakezun giza eskalatzaile itsaskorrak dira Stuck Togetherren protagonistak: zehazki, Toy Story-ko Sid maltzurrak egindako antzerako esperimentuen ondoren, elkarri gorputz enborretatik lotuta dauden —eta ahate zein zaldi buruak dituzten— eskalatzaileak.
Binaka jokatzeko —ezinbestean, ez baitauka jokalari bakarrarentzako modurik— abentura honetan, jokalari bakoitzak bi eskalatzaileetako bat kontrolatuko du… baina, noski, ezingo gara bestearengandik banatu.
Protagonista bakoitzaren bi besoak gidatuko dituzte jokalariek. Kooperazioa, sinkronizazioa eta komunikazioa ardatzak izango dira, beraz: tipi-tapa aurrera egiteko ezinbestekoak. Umorez betetako une gorrotagarriak biziko ditugu, argi dagoenez, mugimendu traketsekin zein hutsegite mordoarekin: “Ikasi elkarri laguntzen, edo utzi jokatzeari”, diote arduradunek.

Heave Ho eta Getting Over It with Bennett Foddy bezalakoen proposamena nahasten duela esan daiteke, kooperazioa gailenduz… eta elkarri izorratzeko aukerak ere eskainita, nola ez. Etxeko sei gela zeharkatu beharko dituzte protagonistek, bidean denetariko erronkak eta puzzleak aurkituz. Zaila dela aipatzen du Goenagak, baina, ez zoratzeko, zailtasun maila errazagoa prestatu dutela.
Tokiko multijokalaria zein online partidak eskaintzen ditu Stuck Togetherrek, eraz, aukera ederra da etxekoekin edo lagunekin aritzeko.
PCan estreinatu da, Steam plataformaren bidez, Stuck Together: ofizialki euskaraz argitaratu denez, ez dugu eraldatzailerik instalatu beharko gure hizkuntzan jokatzeko.
Erlazionatutako edukiak:
Ander Goenaga Iriondo: “Helburuetako bat aurreko lanaren zutabeetan sakondu eta horiek zabaltzea zen”
Lander Unzueta
Iruzkinak