Kontsola nagusietan zein PCan jokatu ahalko da. Marrazoaren beldurrezko jokoaren bigarren atalak itsaspera eramango gaitu berriro.
Main Loop estudio bilbotarrak Submersed 2 - The Hive beldurrezko tituluaren kaleratze data hilabete bukaerarako ezarri du. Maiatzaren 29an kaleratuko da.
Plataforma nagusi guztietan ikusiko dugu Bilboko jokoa: PlayStation, Xbox zein Nintendo kontsoletan eta PCan estreinatuko da. Beste joko batzuekin egin bezala, udalerri bereko Relevo estudioarekin elkartu dira jokoa garatzerakoan eta merkaturatzerakoan babesa jasotzeko: Jon Kortazarren taldeak argitaletxe lanak burutuko ditu, beste behin.
2024 hasieran aurkeztutako bideojokoa Main Loopen lehen lanaren jarraipen zuzena izango da. Horrela, antzeko proposamena ekarriko digu: itsaspeko arriskuei eta munstroei aurre egin beharko diegu lehen pertsonako beldurrezko abenturan.
Originaleko marrazo erraldoia itzuliko da, nola ez, baina bestelako izakiekin topo egingo dugu urazpiko basean lan egiten duten langileen bila gabiltzala. Hauek gainditzeko armak eta munizioa ezinbestekoak dira; survival horror jokoa izanik, baina, gure inbentarioa mugatua da, eta, beraz, hau modu eraginkorrean kudeatu beharko dugu.
Tranpak eta bestelako oztopoak aktibatzeko aukera edukiko dugunez, kokalekuan sakabanatutako tresnak erabiltzen ikastea ere oso garrantzitsua izango da bizirauteko. Gainera, eskafandra jantzita itsasoan barneratzeko uneak ere biziko ditugu.
Resident Evil edo Silent Hill klasikoen bidea jarraituta, puzzleak aurkituko ditugu instalazioetan. “Mekanika original anitzak” uztartuko dituztela diote egileek. Lehenengo jokoa euskaraz argitaratu bazuten ere, tamalez, bigarrena ez dugu gure hizkuntzan ikusiko.
Submersed 2 - The Hive PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC gailuetan merkaturatuko da maiatzaren 29an.
Iruzkinak