PC eta Xbox Series bertsioak baieztatu ditu Krafton argitaletxeak. Lau jokalarirentzako multijokalaria inplementatuko dute.
Subnautica 2 ofizialki iragarri du Unknown Worlds estudioak Xbox Partner Preview aurkezpenean. Biziraupen eta esplorazio bideojokoa aurretiazko sarbidean kaleratuko du: 2025ean ikusiko dugu.
Komunitatearekin elkarlanean garatzeko eta sortzeko asmoa agertu dute egileek; horixe bera egin zuten Subnautica originalarekin 2015. urtean, emaitza bikainak lortuta.
Proposamena berdintsua izango da, itxura batean: planeta ezezaguneko itsasoak esploratzen ibiliko gara, baliabideak bilduz gure basea zein erremintak hobetzeko. Modu horretara, are urrunago bidaiatuko dugu, misioak gaindituz eta misterioak argituz.
Aurretiazko sarbidearen iragarpenarekin batera, trailer zinematiko interesgarria ikusi dugu. Subnauticaren ohiko elementuak ageri dira bertan: itsaspekari esploratzaileak ozeano estralurtarrean murgilduta dabiltza, denetariko arrainak eta izakiak aurkituz… itsas hondoan barneratu, eta Leviatan izaki erraldoiarekin topo egin arte. Gune guztiz berriak ezagutuko ditugu; alabaina, ez gara 4546B planetan ariko.
Berritasunik esanguratsuena lau jokalarirentzako multijokalaria izango da. Aurretik ere kooperatiboa ikusita daukagu Subnautican, baina ezaugarria are gehiago hobetzeko asmoa daukate arduradunek. Honen inguruan alarma guztiak piztu ziren orain hilabete batzuk; izan ere, Krafton argitaletxearen finantza txostenean jokoa garatzen zebiltzala aipatu zutenean, titulua multijokalaria ardatz duen zerbitzu jokoa dela adierazten zen. Polemika piztu, eta Unknown Worldseko egileek informazioa ukatzera jo zuten.
Subnautica 2ren sarbide goiztiarra argitaratzeko eguna iritsi ahala xehetasun gehiago eskainiko dituztela diote: izaki, munstro, erreminta eta ibilgailu berriak prestatzen dabiltza, nola ez.
Plataformei dagokienez, oraingoz PC eta Xbox Series bertsioak baieztatu dituzte. Jokoaren Discord zerbitzari ofizialean aipatu dutenez, ez dute PlayStation 5erako argitaratuko, momentuz, behintzat.
Iruzkinak