Garatzaile handi zein txikien dozenaka bideojoko bildu zituen atzo arratsaldean Geoff Keighley-ren ekimenak.
Summer Game Fest aurkezpenak ofizialki abiarazi du udako bideojokoen ekimenen egutegia. Aurreko urteetan iragarpen txikiak edo dagoeneko aurkeztutako bideojokoen trailerrak batu izan ditu Geoff Keighley kazetariak prestatutako ekitaldiak; aurtengoa, ordea, beste maila batera iritsi dela esan dezakegu.
Titulu handi mordoa erakusteaz gain, PlayStation-en urte bukaerarako obra handiaren iragarpena egiteko balio izan zuen SGFek: ordu batzuk lehenago filtratu zen arren, Naughty Dog The Last of Us originalaren berregitea garatzen ari da. The Last of Us: Part I izenpean argitaratuko du irailaren 2an PlayStation 5 kontsolareko —eta beranduago PC-ra iritsiko dela ere baieztatu dute—. Remake-ak bigarren atalean ikusitako grafikoak erabiliko ditu PlayStation 3ko maisulana eraberritzeko.
Izar nagusia Neil Druckmann-ek egindako iragarpena izan zen arren, hainbat eta hainbat titulu agertu ziren; ez da gutxiagorako, aurkezpenak bi orduko iraupena izan baitzuen. Erritmo ona eduki zuen arren, une traketsak ere izan zituela azpimarratu beharra dago: ezin ahaztu Dwayne Johnson aktoreak bere azken filmea erakusten emandako tarte luzea.
Hala ere, denetariko lanak eduki zituen Keighleyk gidatutako ekitaldiak: One Piece Odyssey JRPG abentura, Call of Duty: Modern Warfare 2ren remakea, Cuphead The Delicious Last Course, The Callisto Protocol, Street Fighter 6, Routine, Witchfire, Gotham Knights eta Layers of Fears bezalako obra interesgarriak ikusi genituen.
Has gaitzen ekimenaren laburpena egiten:
The Last of Us: Part I
Esan bezala, jatorrizko The Last of Usen remakea izango da, bigarren jokoaren motor grafikoa erabilita. Esplorazioa, borrokak eta efektuak hobetu dituztela diote Naughty Dogekoek. Matthew Gallant izango da jokoaren zuzendaria, eta Shaun Escayg sormen zuzendaria: Neil Druckmann sortzaileak garapenean parte hartuko duen arren, ez da proiektuaren burua.
- Plataformak: PS5, PC
- Generoa: Akzioa, abentura
- Garatzailea: Naughty Dog
- Argitaratze data: 2022-09-02 (PS5)/ Zehaztu gabe (PC)
Street Fighter 6
Guile estatubatuarraren itzulera iragartzeko aprobetxatu zuten Capcom-ekoek. Horrez gain, jokagarritasuna sakontasunean ikusteko aukera izan genuen. State of Play aurkezpeneko trailerrean informazio gehiago eskaini zuten.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, PC
- Generoa: Borroka
- Garatzailea: Capcom
- Argitaratze data: 2023
Aliens Dark Descent
Tindalos Interactive estudioa Focus Home Interactive argitaletxearekin elkartu da Alien frankizian oinarritutako titulu berria garatzeko. Trailer zinematikoa ikusita Fireteam Elite-ren antzekoa dela pentsa daitekeen arren, oraingoan jokalari bakarrak kontrolatuko du marineen eskuadroia.
- Plataformak: PC
- Generoa: Akzioa
- Garatzailea: Tindalos Interactive
- Argitaratze data: 2023
The Callisto Protocol
State of Playean ikusitako bideo berari jokagarritasun segundo batzuk gehitu zizkioten atzo, batez ere borroka sistema erakutsita. Dena den, Dead Space-n sortzaileen lan berriak itxura ikusgarria duela esan beharra dago.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC
- Generoa: Akzioa, beldurra
- Garatzailea: Striking Distance Studios
- Argitaratze data: 2022-12-02
Call of Duty: Modern Warfare II
Modern Warfare IIren berregitearen jokagarritasun bideo luzea prestatu zuen Activision-ekoek. Atal grafiko ikusgarria duela aitortu beharra dago; joko mekanikak betikoak izango direla dirudi. Tiro jokoen sagako zaleak pozik egotekoa.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC
- Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
- Garatzailea: Infinity Ward
- Argitaratze data: 2022-10-28
Witchfire
Fantasiazko munduan girotutako tiro joko benetan ikusgarria prestatzen dabiltza The Astronauts ezezaguneko kideak. Tiroak, magiak eta exekuzio bortitzak eskainiko ditu.
- Plataformak: PC
- Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
- Garatzailea: The Astronauts
- Argitaratze data: 2022ko azken hiruhilekoa
Flashback 2
1992an kaleratutako Flashback originalaren jarraipenaren jokagarritasun pixkat erakutsi zuten Microids-eko frantsesek.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Generoa: Abentura
- Garatzailea: Microids SA
- Argitaratze data: 2022ko negua
Fort Solis
Zientzia fikziozko istorio sakona agintzen du Fallen Leaf eta Black Drakkar Games garatzen ari diren tituluak. Bikoizketa aldetik kalitate handia espero da: bideojokoen munduan horren ezagunak diren Troy Baker zein Roger Clark ari dira Fort Solisen lanean.
- Plataformak: PC
- Generoa: Abentura
- Garatzailea: Fallen Leaf eta Black Drakkar Games
- Argitaratze data: Zehaztu gabe
Routine
Iragan hamarkadan ikusitako beldurrezko bideojoko honek bizirik jarraitzen duela jakin genuen atzo. Retro estetikarekin eta atal grafiko ikusgarriarekin, lehen pertsonan jokatuko da. Ez da beldurtientzat aproposa izango, beraz.
- Plataformak: Xbox Series, PC
- Generoa: Beldurra
- Garatzailea: Lunar Software
- Argitaratze data: Zehaztu gabe
Stormgate
Blizzard-eko garatzaile ohiek eratutako Frost Giant Studios garatzen ari den estrategia jokoa da Stormgate. Diseinuak ikusita argi dago: Diablo edo Overwatch bezalako jokoetan oinarrituta egongo da.
- Plataformak: PC
- Generoa: Estrategia
- Garatzailea: Frost Giant Studios
- Argitaratze data: 2023
Goat Simulator 3
Saga hau hirugarren ataletik doa jada? Ez. Guk ere ez genekien. Dead Island 2-ren trailer ezagunaren parodia egin dute ahuntzen simulagailuaren bigarren jokoa iragartzeko.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC
- Generoa: “Simulazioa”
- Garatzailea: Coffee Stain
- Argitaratze data: 2022
Highwater
Istorio sakona eta bizirautea nahastuko ditu Rogue Games-en titulu berriak. Urak hartutako munduan zehar ibili beharko gara txalupa batean gure adiskideekin batera arrisku desberdinei aurre egiten.
- Plataformak: Zehaztu gabe
- Generoa: Abentura
- Garatzailea: Rogue Games
- Argitaratze data: 2022
Marvel’s Midnight Suns
Azkenik ikusi ahal izan dugu XCOM sagaren arduradunak prestatzen ari diren Marvel unibertsoko estrategia jokoaren bideo berria. Trailer zinematikoarekin batera 48 minutuko jokagarritasun bideoa argitaratu dute.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Generoa: Txandakako estrategia
- Garatzailea: Firaxis Games
- Argitaratze data: 2022-10-07
Cuphead: The Delicious Last Course
Cuphead eta lagunen abentura zoroen berritasunak jaso ditugu. The Delicious Last Course DLC-a izugarria izango dela dirudi: irla berri bat aurkeztuko digu etsai nagusien aurkako borroka latzak bizitzeko. Hilabete bukaeran estreinatuko da.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Generoa: Akzioa, plataformak
- Garatzailea: Studios MDHR
- Argitaratze data: 2022-06-30
Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge
Ninja Dortoken beat ‘em up titulu berriaren trailer zaparrada jasotzen ibili gara azken hilabeteotan. Ez da gutxiagorako, arduradunek argitaratze data iragarri baitute: datorren astean kaleratuko da azkenik. Casey Jones-ekin jokatu ahalko dugula ere baieztatu dute, eta sei lagunentzako kooperatiboa edukiko du jokoak.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
- Generoa: Beat ‘em up
- Garatzailea: Tribute Games eta Dotemu
- Argitaratze data: 2022-06-16
Soul Hackers 2
Shin Megami Tensei frankiziako spin-off interesgarri honen bideo laburra eraman zuten Atlus-ekoek aurkezpenera. Txandakako borrokak, deabru ezagunak eta mundu birtuala batuko ditu.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC
- Generoa: JRPG
- Garatzailea: Atlus
- Argitaratze data: 2022-07-26
One Piece Odyssey
JRPGekin jarraitzen dugu. Oraingoan, baina, Eiichiro Oda mangakaren komiki arrakastatsuan girotuta: One Piece Odysseyen lastotxapel guztiekin batera erresuma erraldoia esploratzen ibiliko gara.
- Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC
- Generoa: JRPG
- Garatzailea: ILCA
- Argitaratze data: Ez dago zehaztuta
Nightingale
Bideojoko benetan bitxia dugu Nightingale. Biziraupena, akzioa, mundu irekia, sorkuntza eta kartak atal grafiko ikusgarriarekin biltzen ditu.
- Plataformak: PC
- Generoa: Biziraupena, akzioa
- Garatzailea: Inflexion Games
- Argitaratze data: 2022ko azken hiruhilekoa
Warhammer 40,000: Darktide
Vermintide, 40K unibertsoan girotuta. Hori da azken finean Darktideren oinarria, eta ondo baino hobeto beteko duela dirudi. Grafiko ikusgarriak, lau lagunentzako akzioa eta akatzeko izaki mordoa eskainiko ditu.
- Plataformak: Xbox Series, PC
- Generoa: Lehen pertsonako tiro joko kooperatiboa
- Garatzailea: Fatshark Games
- Argitaratze data: 2022-09-13
Layers of Fears
2016ko Layers of Fear beldurrezko jokoaren jarraipena prestatzen ari da Bloober Team —bai, S bat baino ez diote gehitu izenburuari—. Dena den, ikaragarrizko itxura dauka atal tekniko aldetik.
- Plataformak: PS5, Xbox Series, PC
- Generoa: Beldurra
- Garatzailea: Bloober Team
- Argitaratze data: 2023 hasiera
Gotham Knights
Batman zaldun ilunaren unibertsoan girotutako akziozko joko kooperatiboaren bideo berria ikusteko aukera eduki genuen atzo. Oraingoan, Nightwing heroia izan da ardatza.
- Plataformak: PS5, Xbox Series, PC
- Generoa: Akzioa, abentura
- Garatzailea: WB Games Montreal
- Argitaratze data: 2022-10-25
The Last of Us – izenburu gabeko multijokalari proiektua
The Last of Usekin hasi dugu artikulua, eta Naughty Dogen frankiziarekin bukatuko dugu. Neil Druckmannek adierazi zuenez, izatez Part II-rako prestatu behar zuten multijokalariarekin lanean jarraitzen dute. Multijokalari berezia izango dela adierazi zuen sagaren sortzaileak, baina irudi bat baino ezin izan zuen erakutsi atzo.
Summer Game Fest 2022 aurkezpen osoa ikus dezakezue jarraian dagoen estekaren bitartez:
Iruzkinak