Orain zortzi urte kaleratutako jokoak era guztietako berritasun eta hobekuntzak jasoko ditu bertsio berri honekin.
Super Mario 3D World da Wii Uko jokoen artean Switcheko bertsioa izan ez duen Nintendoren lanetako bat. Hori otsailean aldatuko da, kontsola hibridorako bertsio berria prestatzen ari baitira.
2013an kaleratutako jokoaren mekanika ezagunak zein berritasunak laburbildu dituzte jokoaren arduradunek trailer batekin. 3DSrako argitaratutako Super Mario 3D Land abenturaren mekanikekin jarraitzen du 3D Worldek: maila labur eta linealetatik aurrera egin beharko dute jokalariek helmugara iristeko. Iturginaren bi dimentsiotako abentura klasikoak hiru dimentsioetara pasa dituztela esan daiteke. Ahalmen berriak izango ditu iturginak, esanguratsuena katu jantzia izanik.
Lau jokalari batera aritu daitezke abentura honetan Mario, Luigi, Peach eta Toad kontrolatuta. Berritasun modura, Switcheko bertsioak online multijokalaria ahalbidetuko du tokiko multijokalariaz gain. Argazkiak ateratzeko aukera ere egongo da port honetan; Wii Uko bertsiotik desagertutako zigiluei bizi berri bat emateko prest dator aukera hau.
Jatorrizko abenturatik ekarriko dituen aldaketen artean esanguratsuena Bowser’s Fury espantsioa da; orain arte ezer gutxi iragarri duten arren, Nintendok eduki berri honek ekarriko duen erronka erraldoia erakutsi du.
Bowser’s Fury Super Mario 3D Worlden mekanikak eta oinarriak aprobetxatzen dituen abentura izango da. Kokaleku berri bat esploratu beharko dute jokalariek Mariorekin, baina ez da bakarrik egongo, berarekin Bowser Jr. ibiliko baita. Lagun bilakatutako arerioak sekretuak bilatzeko balioko du; horrez gain bigarren jokalari batek kontrolatu dezake Cat Shine izeneko ikurrak Mariorekin batera bilatzeko.
Maila linealak mundu ireki txiki batengatik aldatuko ditu espantsio honek. Ikurrak bilatzeko ibilbidean arerio izugarriari aurre egin beharko diote jokalariek: noizean behin Fury Bowser beldugarri zein erraldoia maparen erdigunean izartu eta Mario erasotzeari ekingo dio. Ikurrak batuta Gigabell kanpaia askatu eta Bowserren aurka egin beharko du Mariok.
Super Mario 3D World + Bowser’s Fury kaleratzeko gutxi falta da: datorren otsailaren 12an helduko da Switchera.
Super Marioren 35. urteurrenaren baitan kaleratuko duten jokoetako bat izango da, baina berritasunak ez dira jokoen aldetik bakarrik iritsiko. Nintendo Switcharen bertsio berria ere iragarri du N Handiak urteurren berezi hau ospatzeko: Nintendo Switch – Mario Red & Blue Edition System deitutako kontsolak iturginaren koloreekin apainduko du kontsola hibridoa. Bideo-jokoarekin gertatu modura, otsailaren 12an merkaturatuko dute.
Iruzkinak