Super Mario Bros 2, Super Mario World eta Yoshi’s Island tituluen Game Boy Advance-ko bertsioak dira.
Nintendo Switch Online zerbitzuko kontsola birtualak bideojoko gehiago eskuratu ditu gaur. Zehazki, Expansion Pack harpidetzaren baitan dagoen Game Boy Advance kontsolako bilduma handitu dute Super Mario Advance klasikoekin.
Super Mario Advance 1, 2 eta 3 dira gaur estreinatutakoak: hau da, Super Mario Bros. 2 —bertsio estatubatuarrarena, hain zuzen ere—, Super Mario World eta Super Mario World 2: Yoshi’s Island jokoen GBAko bermasterizazioak. Hauek guztiak harpidetzan aurretik kaleratutako Super Mario Advance 4: Super Mario Bros. 3 klasikoari batzen zaizkie.
Jokook Nintendoren harpidetza zerbitzura iristea ez da harritzekoa, baina, egia esan, pixkat arraroa ere egin daiteke. Hiru jokoen jatorrizko bertsioak aspalditik joka daitezke NSO harpidetza arruntak dakarren NES eta SNES kontsola birtualetan; ez hori bakarrik, askok joko originalak hobeak direla uste dute, Game Boy Advancerako moldatzerakoan hainbat ezaugarri galdu edo aldatu baitzituzten.
Egokitzapenoi buruz luze eta sakon hitz egin genuen Game Erauntsian argitaratutako erreportaje berezian: kolore paletak, mugatutako ikuspegiak zein aldaketa teknikoak ziren nagusi.
Hau esanda, berritasunak ere badituztela aipatu behar da. Erronka edo minijoko bereziak biltzen zituzten GBAko bertsioek; esaterako, Mario Bros arkade jokoaren zaharberritutako bertsioa.
Game Boy Advanceko zein Nintendo 64-ko kontsola birtualek NSO + Expansion Pack harpidetza maila goreneko esklusiboak izaten jarraitzen dute. Metroid Fusion, The Legend of Zelda: Minish Cap, WarioWare eta beste hainbatez goza dezakegu dagoeneko ordainpeko zerbitzuaren baitan.
Zerrenda areagotzen badabiltza ere, bi gailuetako klasiko mordoa falta dira oraindik; zaleak kexaka dabiltza Nintendokoen erritmo geldoagatik, baina pixkanaka geroz eta joko klasiko gehiago ikusten gabiltza.
Iruzkinak