Game Erauntsia Elkarteak zaleen komunitateak sortutako proiektua itzuli du. Baliabide bildumei esker gehitu dezakegu gure mintzaira.
Super Mario Bros. klasikoak birmasterizatzen dituen SMB Remastered proiektuan euskaraz joka daiteke oraindik aurrera. 1985. urteko Marioren abenturaz bere horretan gozatzeko aukera eskaintzen du, aldi berean, era guztietako aldaketak zein hobekuntzak inplementatuta Windows eta GNU/Linux bertsioekin.

Game Erauntsia Elkartea arduratu da birmasterizazioa euskaratzeaz. Izan ere, SMB Remastereden 1.1 eguneratzearekin, jokoaren testuak inplementatzeko eta eraldatzeko bidea berritu du zaleek osatutako garatzaile taldeak, komunitateko kideei beste hizkuntzetara itzultzeko bidea erraztuta.
Oraingoz, euskaratzea jokoaren baliabide bilduma (resource pack) gisa argitaratu dugu; hau da, SMB Remastereden mod bat dela esan daiteke. Asmoa, ordea, etorkizunean gure hizkuntza jokoan ofizialki inplementatuta azaltzea da, ezer berezirik deskargatu gabe: garatzaileekin harremanetan jarri gara hori lortzeko.
Akats txiki batzuk eduki ditzakeela ikusi dugu, izan ere: batzuetan testuak zoratu egiten dira, edo printzipioz itzulitako lerro gutxi batzuk jatorrizko hizkuntzan ageri dira. Are gehiago, beste baliabide bilduma batzuekin batera erabiltzerakoan ere arazoak sor daitezkeela ikusi dugu. Kontu txikiak, baina, ulertzen dugunagatik, behin oinarrizko jokoan inplementatzerakoan desagertuko direnak.
Hori esanda, jokoaren —ia— testu guztiak lokalizatu dira: menuak, interfazea zein sormen tresnak ahalbidetzen dituen editorea daude euskaratuta. Instalazio prozesua oso erraza da. Pauso hauek jarraitu behar dira:
- Jaitsi SMB Remastered euskaratzeko baliabide bilduma hemendik. Jokoa jaisteko, sartu Github orrialdera.
- Jokoa abiarazi, aukeretara joan, eta, baliabide bildumen atalean, sakatu ‘ireki karpeta’ (open folder), gure PCan kokatutako baliabideen karpeta zabaltzeko. Windows-en %AppData% → Roaming\SMB1R\resource_pack karpeta izango litzateke.
- Bertan, jaitsitako euskarazko baliabideak itsatsi, karpeta osoa kopiatuta.
- Jokora itzuli, eta, baliabide bildumen atalean, hautatu SMB Remastered euskaraz —ez bada azaltzen, zerrenda birkargatun sakatu—.
Esan bezala, beste baliabide batzuekin arazoak eman ditzake; halaber, euskarazkoak ingelesezko testuak ordezkatzen ditu, eta, beste bilduma batzuek testuak bere horretan mantendu dituztenez, nahiz eta erabilera ordena egokia izan, jokoa erotzea gerta daiteke. Asko gustatu zaigun Super Mario Bros. Story baliabide grafikoa euskaratu dugu, baita, gure itzulpena sartuta. Hemendik jaitsi dezakezue!

Ezagutzen ez duzuenontzat, SMB Remastered Godot bidez sortutako birmasterizazioa edo moldaketa da: beste garapen motore bat erabiltzen duen arren, Super Mario Bros. originala beharko dugu Remastered eratu ahal izateko, honen baliabideak —grafikoak, efektuak, soinuak…— bereganatzen baititu.
Joko originaleko grafikoekin eta oinarrizko jokagarritasunarekin ibil gaitezke… baina hori ez litzateke interesgarria izango. Jatorrizkoa hedatuta, askotariko hobekuntza grafikoak, originaleko erronka bidegabeak zirenen, edo akats txikien zuzenketak nahiz denetariko erronka berriak aurkituko ditugu, baita SMB Deluxe-ko eduki esklusiboak ere. Berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira berezko abileziak dituzten pertsonaiak —Sonic, Samus eta beste hainbat gehi ditzakegu— zein maila berriak sortzeko balio duen Super Mario Maker estiloko editorea.

Sortzaileek ez dute proiektua bukatutzat eman, gainera. Euskarazko itzulpena ofizialki inplementatzea eskatu diegu, baina badakigu hurrengo eguneratze handirako VS modalitate lehiakorrak edo Super Mario Bros. 2ko elementuak sartzekotan dabiltzala.
Iturginen festa, euskaraz
Birmasterizazioa euskaratuta daukagu, beraz, baina ez da gure hizkuntzan ikus dezakegun Marioren abentura bakarra. Super Mario Bros. originala dagoeneko euskaraz eduki dugu, baita SMB 2, SMB 3, Super Mario World edo Super Mario 64 bikainak ere. Mario Kart Wii-k nahiz Mario Kart 8 Deluxe-k ere ezin izan diete ihes egin gure itzultzaileei.
Aipatutako guztiak eta askoz gehiago aurkituko dituzue euskarazko bideojokoen zerrendan: Game Erauntsiaren webgunearen baitan aurkitzen da.
Lander Unzueta
Iruzkinak