PlayStation, Xbox eta Switch plataformetan estreinatuko da ViJuDa garatzailearen jokoa. PCan iaz merkaturatu zen.
Lasterketen arkade klasikoen kutsua bereganatzen duen Super Woden GP2 xarmagarria plataforma gehiagotara dator. ViJuDa garatzaileak eta EastAsiaSoft argitaletxeak jakitera eman dutenez, uztailaren 24an kaleratuko dute kontsoletan.
PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch gailuetan merkaturatuko dute, zehazki, eta digitalki eskura daiteke jadanik plataforma bakoitzaren saltoki digitalean —jokoaren webgunean aurkituko dituzue esteka guztiak—.
Ikuspegi isometrikoan rally lasterketak lehiatzen ariko gara Super Woden GPren —originala ere euskaraz iritsi zitzaigun— jarraipenean: 90eko hamarkadako World Rally Championship mitikoaren jokagarritasun oinarriak hartzen ditu, Gran Turismo sagaren estiloko kanpaina sakona proposatzeko.
Horrela, lasterketetan zein txapelketetan parte hartuko dugu, baina behetik hasita: garaipenekin batera auto hobeak erosteko dirua eskuratuko dugu. 180 auto aipatzen ditu egileak; gainera, hauek hobe ditzakegu, baita kolorez aldatu ere. Adi ibili beharko gara, autoak erabili ahala beren errendimendua okertu baitaiteke; kasu horretan, tailerretik igaro beharko gara.
Multijokalari ezaugarriekin harro agertzen da SWGP2. Tokiko multijokalariarekin lau lagun batu daitezke, baina puntuazio taulekin mundu osoko aurkarien kontra ariko gara lehian.
Joan den azaroan PCko bertsioa kaleratu zen: balorazio positiboak lortu ditu ordu hartatik, Steameko erabiltzaileen artean emaitza onak bilduta.
Uztailaren 24an jasoko ditugu Super Woden GP2ren PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletako bertsioak.
Iruzkinak