Rally lasterketetan ardaztuko da ViJuDa garatzaile galegoaren lan berria. PCan estreinatuko da.

Super Woden frankiziak bideojoko berria jasoko du etzi. Super Woden: Rally Edge deitua, euskaraz kaleratuko du ViJuDa sortzaileak.

Super Woden GP eta Super Woden GP 2 tituluen jarraipen zuzena izan beharrean, jatorrizko proposamenetik pixkat aldentzen den spin-off jokoa dela aipatzen du garatzaile galegoak; azpitituluak adierazten duen bezalaxe, oraingoan rally lasterketen munduan sakonduko da.

World Rally Championship edo arkade aretoetan jokatzen ziren rally tituluengana inoiz baino gehiago hurreratuko da, beraz Super Woden. Ikuspegi isometrikoarekin gidatzen jarraituko da, baina, oraingoan, kamera autoaren atzean kokatuko da zuzenean.

Ibilgailuen eskaintza zabala agintzen digu egileak: auto xumeetatik hasita, rallyen munduko kondairak —lizentziadun izenik erabili gabe— ekarriko dizkigu. Gainera, hauek nahi bezala pertsonalizatzeko aukera edukiko dute jokalariek.

Etapak bakarkako joko motan gainditzen ibil gaitezke, gainerako aurkarien markarik onenak suntsituz… edo lagun artean jokatuz, lau pertsonentzako tokiko multijokalaria baitauka Rally Edgek.

Esan bezala, euskaratuta estreinatuko dela aipatzen du ViJuDak Steam orrialdean: tamalez, testuak baino ez ditugu ikusiko gure hizkuntzan, bikoizketa ingelesearekin jokatu beharko baita. Gauza bera gertatu zen Super Woden GP 2rekin; alegia, lehenak baino ez zigun ekarri kopilotu euskalduna. Galegoz, katalanez eta valentziarrez ere jokatu ahalko da azken jokoan.

PCan estreinatuko da, oraingoz, behintzat, Super Woden: Rally Edge. Etzitik aurrera eskuratu ahalko dugu Steam plataforman.