Iragazkiak ere gehitu ditu, AMD FSR eskalatze programa erabiltzeko aukera eta guzti. Bereizmen gutxiagora jokatu daiteke gainera, errendimendua hobetuta.
Emulatzaileen mundua zabala da. Retro jokoetara sistema berriagoetan jokatzea eskaintzen dutelako dira ezagunak, baina era guztietako hobekuntzak gehitzeko aukera ere ematen dute, eta ez bakarrik antzinako gailuetan: gaur egungo kontsoletako atal teknikoa hobetzeko ere balio dute. Hori da Yuzu emulatzailearen garatzaileek lortu dutena: Nintendo Switcharen berezko bereizmena areagotu eta 8K bereizmenera arte iritsi dira azken ezaugarriarekin.
Project ART izendatutako bereizmen areagotzailea da, hain zuzen ere, askok Nintendoren kontsola hibridoarekin jokatzerakoan faltan botatzen dutena zuzentzeko balio izan duena. Kontsolaren modu eramangarrian edo egonkorrean jokatzerakoan ohikoak diren 720p, 900p eta 1080p bereizmenak atzean utzi, eta 2K, 4K edota 8K bereizmenetara aritzea ahalbidetu dute Yuzukoek.
Hori horrela, Switcheko bideo-joko desberdinak askoz hobeto eta garbiago ikusten dira. Yuzuren blogean argitaratutako konparaketak ikaragarriak dira: aldaketa argi nabaritzen da. Guzti hau errendimendua pixkat makalduta lortzen du emulatzaileak: bereizmena bikoizteko gutxienez 4GB VRAM eskatzen du programak, eta laukoizterakoan 8GB-ra igotzen da, gomendagarriena 10 GB-rekin ibiltzean den arren.
Bereizmena areagotzeaz gain, gutxitzeko aukera ere gaineratu dute. Zergatik? Errendimendua hobea delako: PC makalagoek Yuzu erabiltzeko aukera izan dezakete horrela: errendimenduaren % 20ko hobekuntza aipatzen dute garatzaileek, irudi eskasagoa eduki arren. Downscaling-a oraindik probatzen ari dira, baina joko gehienetan ondo funtzionatzen duela nabarmendu dute.
Ez da Switcheko emulatzaile batek bereizmen areagotzailea jasotzen duen lehen aldia. Yuzuk berak aspaldi eduki zuen, arazoengatik kendu egin bazuten ere, eta Ryujinx emulatzaileak antzeko sistema dauka.
Irudi iragazkiak gehitu dituzte bereizmen areagotzailearekin batera. Era horretara irudia leundu eta atseginagoa egiten da, bereizmena areagotzeko aukerarik izan ezean. Ohiko iragazki bilinearrak edota bikubikoak aukeratu daitezke, baina AMDren Fidelity FX Super Resolution teknologia ere erabili daiteke Yuzurekin.
Azkenik, FXAA antialiasing teknologia jaso du Yuzuk: hainbat jokok erabiltzen duten tresna honekin zerra hortzak saihesten dira. Switcheko joko askok berez dakarte, hain zuzen ere, eta emulatzailearen aukera erabiltzeko mod bidez desaktibatu beharko dira.
Emulatzaileek zure bideo-joko gustukoenei ekartzen dizkieten onurei buruz mintzatu ginen orain gutxi Game Erauntsian. Erreportaje zabal honetan emulatzeko programa desberdinak ezagutu, beraien ezaugarriak zehaztu eta nola erabili azaltzen da.
Iruzkinak