id Softwaren obra formatu digitalean soilik estreinatuko da Nintendoren kontsolan.
Nintendo Switcheko erabiltzaileek itxaron egin behar izan dute, baina Bethesdak azkenean baieztatu du Doom Eternalen argitaratze data: id Softwaren tiro jokoa bihar estreinatuko da kontsola hibridoan.
Argitaratze data trailer berri batekin zabaldu dute. Bertan Eternalek Nintendoren kontsolan zer moduz funtzionatzen duen ikus dezakete zaleek. Bethesdak nabarmendu duenez, jokoak aginte giroskopikoak erabiltzeko aukera eskainiko du: jokalariek gero eta gehiago eskatzen duten ezaugarria da.
Bertsio hau Panic Button garatzaileak prestatu du; 2016ko DOOM Nintendoren kontsolara eramateaz arduratu ziren, emaitza aparta lortuta.
Hori bai, Doom Eternal ez da edizio fisikoan argitaratuko Switchean: enpresak hori bertan behera geratu dela adierazi zuen orain egun batzuk. Iragarpena jokoa erosita zuten erabiltzaileei heldutako mezuak zabaltzen hasi ondoren egin zuen enpresak. Erosleek Eternalen erosketa ezeztatuta ikusi izan zuten mezuotan.
Sareetan Switcheko bertsioa bertan behera geratu dela hedatzen hasita, hori argitzeko adierazpenak egin ditu Bethesdak: “Doom Eternal digitalki argitaratuko da Nintendo Switchean, eta horren ondorioz saltokietan saldutako edizio fisikoaren salmentak ezeztatu egin dira”. Hori horrela, tiro jokoa eShopetik soilik erosi ahal da Nintendoren kontsola hibridoan.
Game Erauntsian abentura bikain honen analisia idatzi genuen joan den apirilean. Izan ere, Doom Eternal martxoan kaleratu zen PC, PS4 eta Xbox Onerako.
Iruzkinak