CodeSyntax taldeak martxoan argitaratutako tituluari buelta txikia eman dio. Android zein iOS gailuetan pare bat minutuko partida motzak lehiatzea da helburua.

Tagzania berpiztu du, beste behin, CodeSyntax enpresa eibartarrak. Euskal Herria eta mundu osoa hartuta, irudietan agertzen diren bazterrak eta txokoak munduko mapan kokatzera eramango ditu jokalariak.

Proiektua Luistxo Fernandez arduradunak aurkeztu zuen larunbatean Durangoko Azokako Kabi@ gunean antolatutatuko Bideojoko sortzaileak ekitaldian. Bertan Tagzaniaren ibilbidea azaldu, eta egungo bertsioarekin prestatu dutena ezagutarazi zuen Fernandezek.

Geoguessr ezagunaren oinarriak bereganatzen ditu, hortaz, Tagzaniak; aldi berean, Egunean Behinen proposamen arrakastatsuaren ideiak ere berrerabiltzen dira. Egunean, gehienez, bi minutu iraungo dituen partida baino ezin daiteke jokatu. Jokaldian bi helburu adieraziko zaizkigu: Euskal Herriko txoko bat mapan kokatzea, eta, gauza bera, mundu osoko beste toki batekin.

Proposamena bera ulerterraza eta dibertigarria bada ere, Egunean Behinekin egin modura, benetako gatza eta piperra puntuazio taulen eta lagun arteko sailkapenen aldetik dator. Horrela, Euskal Herriko erabiltzaileen aurka egingo dugu, baina, adiskideak edo familia parte hartzera animatuz gero, talde pribatuak sortzeko aukera egongo da.

Proiektu originala aspaldikoa bada ere, Tagzania 1.2 eraberritua martxoan estreinatu zuen CodeSyntaxek. Azkar batean itxi zituzten zerbitzariak, ordea: Google-n azpiegiturak —Maps eta Streeview erabiltzen zituen— gehiegizko gastua suposatzen zuen enpresarentzat, batez ere, espero gabeko arrakasta lortu zutelako lehen egunetan, ehundaka erabiltzaile erakarrita.

Bideojokoa aurrera eramateko alternatibak aztertzen eta ikertzen aritu dira ordutik hona. 1.2.2. eguneratzearekin Googlen zerbitzuak alboratu, eta kode irekiko azpiegiturak erabiltzen hasi dira egileak. OpenStreetMap eta Wikimedia erabilita, partiden proposamen originala pixkat eraldatu dute: Street View zerbitzua, hau da, kaleetako irudiak eta horietatik aurrera eta atzera ibiltzeko aukera galdu da Tagzania berriarekin. Horren ordez, gune beraren lauzpabost irudi ageriko zaizkigu: horiekin kokalekua asmatzea tokatuko zaigu.

Ideia berriarekin batera, batez ere, Euskal Herriko txoko gehiago azaltzeko bidea bilatu behar izan dute arduradunek: erabiltzaileen komunitatearekin elkarlana bideratzea otu zaie, beraz. Partaideek toki baten argazkiak —Wikimedian gordeko dira, baldintzak onartuz— eta GPS kokalekua parteka ditzakete aplikazioaren bitartez. Ondoren, CodeSyntaxekoek proposamena onartu beharko dute jokoan gehitzeko.

Gogoratzearren, Tagzania guztiz doakoa da —partidetan publizitatea ageriko zaigu, hori bai—, eta euskaraz jokatuko dugu Android zein iOS bertsioetan: Play Store zein App Store saltokietatik jaitsi daiteke.

 

Xiba, datorren urtean

Tagzaniaren gaurkotutako bertsioaz gain, CodeSyntaxen proiektu berria aurkezteko baliatu zen Fernandez Durangoko Azokaz. Xiba izenarekin, hainbat minijoko eta erronka txiki batuko dituen titulua prestatzen dabiltza eibartarrak.

Ideia egunean jokatzeko hiru minijoko edukitzea da; halere, eskaintza zabala prestatu dute, oraingoz zortzi bat desafio bilduko dituztela aipatu baitzuen Fernandezek. Munduko banderak, Zaldunaren urratsa edo Jo etsaia bezalako probak nabarmendu zituen.

Euskara zein hizkuntza erabiltzen dituzten jokoak egongo dira barnean; kontzeptua, baina, lagunak egitea, eta egunero partida motzak jokatzeko ohiturari eustea dela dio egileak.

Ez da askorik itxaron beharko Xiban aritzeko: 2026ko otsailean mugikorretan kaleratzeko asmoa dauka CodeSyntaxek.