Private Division argitaletxea saldu du: euren jokoek “ondo funtzionatu” badute ere, “eskala txikiegian” egin dutela dio Strauss Zelnick Take-Twoko arduradunak.

Intercept Games eta Roll7 estudioak itxi dituela iragarri du Take-Two enpresak azken finantza txosteneanKerbal Space Program 2ren nahiz OlliOlli Worlden egileak dira, hurrenez hurren.

Maiatzean entzun genituen itxieren asmoak Jason Schreier Bloomberg-eko kazetariaren aldetik; hala ere, Strauss Zelnick Take-Twoko arduradun nagusiak esandakoak ukatu zituen garai hartan. Ez zen egia: Intercept, gutxienez, uztailerako jadanik itxita zegoela diote GamesIndustry webgunetik.

Estudioak ixteaz gain, euren argitaletxea saldu dutela jakinarazi dute Take-Twokoek: Private Division oraindik iragarri gabeko erosleari saldu diote. Kerbal originalaren, Hades-en, The Outer Worlds-en, edo, printzipioz, 2025ean estreinatu behar den Tales of the Shire: A The Lord of the Rings Game-n arduradunak ziren, besteak beste.

Zelnickek aipatzen duenez, “Private Divisionek lan bikaina egin du garatzaile independenteak babesterakoan, eta ia kaleratutako proiektu guztiek ondo funtzionatu dute”. Hala ere, titulu horien eskala “txikiegia” zela dio Take-Tworen buruak; bitartean, bere enpresa “joko arrakastatsu handiak egiteko negozioan” dagoela azaldu du.

“AAA esperientzia handi hauekin onenak gara. Aisialdi interaktiboaren negozioko jabetza intelektualik handienak ditugu, aisialdiaren mundu orokorreko jabeta intelektual handienetakoak, eta gure helburua dagoeneko existitzen diren frankizia handien jarraipenak zein jabeta arrakastatsu berriak sortzea da”.

Horietako batengan fedea mantentzen jarraitzen dute: Moon Studios taldearen No Rest for the Wicked aurretiazko sarbidean estreinatu da jadanik. Nahiz eta Private Divisionek argitaratutakoa izan, Take-Twok bereganatu du.

Langileen kaleratzeei dagokionez, datuak ez dira guztiz argiak oraindik. Hala ere, apirilean Take-Twok lantalde osoaren % 5 —600 bat langile— kanporatzeko asmoa agertu zuen.

Itxitako Roll7 estudioaren azken lana ezagutu nahi duzu, hemen duzu Katukinabarrak OlliOlli Worldi eskainitako analisia.

 

Grand Theft Auto VI, udazkenean

Finantza txostenean ez dute itxierei buruz bakarrik hitz egin. Zelnick harroputz bezala gera daiteke jabetza intelektualari buruzko adierazpenak irakurrita, baina, hein batean, arrazoia dauka: Take-Tworena da, besteak beste, Grand Theft Auto.

Joan den urte bukaeran iragarritako GTA VIri buruzko informazio gehiago eskaini dute dokumentuan: bagenekien 2025eko azken hilabeteetan argitaratzeko asmoa zeukatela, baina hori berretsi egin dute. 2025ko udazkenean kaleratuko da GTA VI, zehazki.