Relevo estudioak Terrifier beldurrezko filmeen sagako bideojokoa prestatu du PCrako zein kontsoletarako.

Terrifier: The ARTcade Game azaroaren 20an argitaratuko duela iragarri du Selecta Play argitaletxeak.

Bideojoko bilbotarra dugu; izan ere, Relevo taldearen (Itadaki Smash, Frontball Planet) lan berria da. Beldurrezko filmeen zaleek ondo ezagutuko duten frankizian oinarritutakoa, gainera: Damien Leone zinemagilearen Terrifier unibertsoko pertsonaiak eta uneak hartzen ditu beat ‘em up tituluak.

Horrela, motozerrak, iltzez betetako makilak, aizkorak eta bestelako erreminta atseginak erabiliko ditugu Art pailazoarekin zein bere adiskideekin sarraski odoltsuak eragiteko. Bakarka zein lagunekin ibiliko gara, lau jokalarirentzako multijokalari kooperatiboa zein lehiakorra prestatu baitute Bilbokoek.

Sei joko mota, gainditzeko maila ugari, pixel art estetika koloretsu bezain nazkagarria eta chiptune soinu banda —John Carpenter-en seme Cody Carpenterrek sortutakoa, adi— agintzen dituzte; itxura batean, ez gaude filmeei lotuta egon ohi diren joko kaxkarraren adibidearen aurrean.

Ordenagailuetan eta PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletan kaleratuko da Terrifier: The ARTcade Game azaroaren 20an. Argitaratu aurretik, PCan demoa proba dezakegu.