Massive Entertainment arduratuko da tiro joko kooperatiboaz. Garapenaren lehen fasean baino ez da aurkitzen.
Ubisoft enpresa frantsesak The Division frankiziaren hirugarren atala aurkeztu du. Iragarpena modu xumean egin dute: Julian Gerighty-k beste behin sagaren ekoizle lanak egingo dituela adierazten duen prentsa oharrean aipatu dute The Division 3n garatzen dabiltzala.
Gerighty une honetan Ubisoften Massive Entertainment estudioan aurkitzen da. Egungo taldearekin arduratuko da tiro jokoa garatzeaz, behin Star Wars Outlaws bukatzen dutenean —ez da taldea gaur egun prestatzen ari den joko bakarra, Avatar: Frontiers of Pandora ere garatzen ari baitira—.
Hori horrela, TD3 garapenaren lehen fasean baino ez dago: sortzaileen taldea eratzen dabiltza oraindik.
Are gehiago, hirugarren atala sortzearekin batera bigarrenari euskarria ematen jarraituko dutela aipatu du ekoizleak. “40 milioi jokalaritik gora ditugu, baina The Division bere lehen urteetan aurkitzen da frankizia bezala. Kontatzeko istorio izugarri, esploratzeko gune eta babesteko pertsona mordoa dago”.
Bi joko nagusiekin batera hainbat proiektutan lagunduko du Gerightyk. Gailu mugikorretarako The Division Resurgence eta The Division Heartland biziraupen tiro jokoa prestatzen ari dira Ubisoftekoak.
The Division 3 ikusteko asko geratzen da, beraz. Oraindik ez dituzte ez argitaratze data, ez kaleratze plataformak zehaztu.
The Division multijokalari kooperatiboa proposatzen duen tiro jokoen saga da. Mundu irekian misioak betetzen, ekipamendua hobetzen, eta, zelan ez, tiroketetan parte hartzen ariko gara, bai PvE, bai PvP modalitateetan.
Iruzkinak