Bethesda-ren rol frankizia ezaguna ez da plataforma gehiagotara iritsiko estreinatzen denean; horretarako urteak falta dira oraindik.
Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak GQ aldizkarian aldarrikatu duenez, The Elder Scrolls VI Microsoft-en ekosisteman geratuko da: Xbox kontsoletan eta PCan soilik kaleratuko dute Bethesda prestatzen ari den jokoa.
Albistea ez da harritzekoa: 2021eko E3 azokan Starfield esklusiboa izango zela iragarri zuten; Bethesdaren hurrengo obra handia da. Spencerren arabera, esklusibotasunarekin “ez dituzte beste plataformak zigortu nahi”. Hala ere, “beste plataformek hazten jarrai dezaketela” uste du Xboxeko arduradunak: “Xboxen egoteko, daukagun sorta osoa eskaini ahal izatea nahi dut. Eta hori horrela da Elder Scrolls VI-an pentsatzen dudanean. Hori horrela izango da gure frankizia guztietan“.
Hortaz, argi dago Microsoftetik esklusiboak garatzea bilatzen dutela. Bethesda 7.5 bilioi dolarren truke erosita, hauen jokoak ere bereganatu ditu erosketarekin, eta ez du beste plataformetan eskaintzeko asmorik. Hasiera batean egoera bitxiak eman ziren, halere: erosketa iragarri aurreko jokoen esklusibotasuna bere horretan mantendu da; adibidez, Deathloop ezin daiteke Xboxen kontsoletan jokatu.
Dena dela, azken urteetan PCaren alde egindako apustua nabarmentzekoa da: Xboxen joko guztiak kaleratzen dira ordenagailuetan. Horrez gain, Xbox Game Pass Ultimate harpidetzan eskainitako Xcloud hodei bidezko jokoarekin gailu mugikorretan joka daiteke bai Microsoften obretara, bai zerbitzuan dauden beste hainbatera.
Hori horrela, Xbox Game Passak eta markaren ekosistemak eskaintzeko duen guztia aprobetxatu nahi du Spencerren taldeak. Adiskideak, jokoak, zerbitzuak eta gehiago plataforma desberdinetan partekatzea da asmoa.
Iruzkinak