Kartak eta roguelike ezaugarriak uztartuko ditu fantasia girotzearekin. “Laster” argitaratuko da.

The Heart of Anathema garatzen ari dela ezagutzera eman du Gasteizko Box Collider Game Studios hasiberriak. Estrategia titulua ordenagailuetan estreinatuko da.

Denbora errealeko estrategia jokoen mekanikak karta sorta sortzaile zein roguelike bideojokoen ezaugarriekin elkartuko dituela aipatzen dute Steam-eko webgunean. Anathema baso madarikatuan barneratuko gara gure erresumaren galdutako erlikiak berreskuratzeko eta botere gorena lortzeko. Erresumako fakzioetako bat hautatuta —azti jakintsuak, etxe nobleak eta fededun ordenak aipatzen dira— Anathema esploratzeari ekingo diogu.

Basoak sekretu ilunak gordetzen ditu, ordea: hildakoen gorpuak berpizteko eta mugiarazteko ahalmena daukate Anathemako botereek. Ez hori bakarrik, elfo, orko zein goblin izakien etxea ere bada basoa, eta ez daude ongietorriak emateko prest.

Estrategia partidetan kokalekuak eta denborak berebiziko garrantzia daukate; borroken artean, biltzen ditugun kartek abileziak eta mugimenduak eskainiko dizkigute, defentsak eraikitzeko edo unitate boteretsuei dei egiteko aukera emanda. Egunek aurrera egin ahala, gure basea sendotu beharko dugu, zailtasunak gora egingo baitu.

Gasteizkoen lehen bideojokoa da The Heart of Anathema. Game.eus bideojokoak bizkortzeko campusetik igaro ondoren, garapenarekin aurrera dihardute: printzipioz, “laster” estreinatuko da bi gasteiztarrek, malagar batek eta madrildar batek osatutako taldearen titulua. Tamalez, ez dirudi euskaraz ikusiko dugunik, Steam-eko orrialdeko hizkuntzei jaramon egiten badiegu, behintzat.