Pantaila formatu desberdinak, kalitate handiko mapa edo kontrol eraberrituak inplementatzea ahalbidetzen du port-ak.
Super Mario 64 eta The Legend of Zelda: Ocarina of Time mitikoen bertsio eraberrituak prestatu ondoren, Nintendo-koen beste joko klasiko batekin gauza bera egin dute bideojokozaleek. Izan ere, 1991. urtean SNES kontsolan kaleratutako TLoZ: A Link to the Past alderantzizko ingeniaritzaren bidez PCra nahiz Switchera eraman du Github-eko snesrev erabiltzaileak.
Hori horrela, ez gaude emulatutako jokoaren aurrean, natiboki funtzionatzen duen titulua da zaleena. C kodea erabilita, jatorrizko lanaren atal guztiak berrinplementatzen ditu: horretarako SNESko tituluaren ROM fitxategia erabili behar da, hori bai.
Porta sortuta, kodean lanean ibilita ezaugarri guztiz berriak erabiltzea ahalbidetu du snesrevek. Besteak beste, 16:9 eta 16:10 pantaila formatuentzako euskarria, kalitate handiko Hyrule-n mapa, pixel bidezko shader-ak eta erosoago jokatzeko kontrol eskema berriak gehitu dizkio A Link to the Past maisulanari. Dena den, itxarotekoa da laster komunitateak sortutako modak ikusten hastea.
PCko porta dela aipatu dugu; zehazki, Windows, GNU/Linux eta MacOS sistema eragileetan funtzionatzen du sortutako lanak.
Bertsiook sortzeko jarraitu beharreko pauso guztiak snesreven proiektuaren webgunean aurkituko ditugu. Jokoaren baliabide guztiak ROMetik ateratzen baditu ere, programaren kodea guztiz originala denez ziurrenik ez du arazorik izango Nintendokoekin; gauza bera gertatu izan da SM64ren eta OoTren portekin.
Iruzkinak