Splatoon 3 eta Mario + Rabbids Sparks of Hope aurten argitaratu nahi dituzte baita; gauza bera egingo dute PlatinumGames-ekoek Bayonetta 3-rekin.
Nintendo-ren azken finantza txostenak salmenta datuak ezagutzeko balio izan du: Switch-ak 100 milioi kontsola saldu dituela jakinarazi zuten bertan Kiotokoek. Hala ere, enpresaren bideo-jokoei bestelako informazio interesgarria irakur daiteke bertan; dokumentuan berretsi dutenez, The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipena prest edukiko dute aurten.
Zalantza asko zeuden honen inguruan: orain arte trailer pare bat baino ez dituzte erakutsi, eta horietan ez zen jostagarritasunik azaltzen. Nintendokoei argitaratze datak isilpean eramatea gustatzen zaie halere, beraz ez da harritzekoa dena prest izan arte baieztatu gabe uztea. Dena den, akziodunei 2022rako prest egongo dela adierazi nahi izan diete: nazioartean kaleratuko dute aurten.
Nintendoren jokorik desiratuenetakoa izango da BOTW arrakastatsuaren jarraipena; txostenean zehazten dutenez, jatorrizko jokoak 25,80 milioi ale saldu ditu. Sekulako astakeria, batez ere frankiziaren beste jokoekin alderatuta: salmenta gehien izan dituen hurrengo jokoa da Ocarina of Time maisulana, 7.6 milioirekin. Hori horrela, Switchekoa kontsolako laugarren lanik salduena da.
Urte indartsua izango da 2022a Nintendorentzat, baina ez da Zeldagatik soilik izango; izan ere, beste joko batzuk aipatzen ditu dokumentuak urte honetarako: Splatoon 3, Mario + Rabbids Sparks of Hope zein Bayonetta 3 aurten merkaturatzeko asmoa agertu dute japoniarrek.
Orain egun batzuk Pokémon Legends: Arceus kaleratu dela, eta martxoan Kirby and the Forgotten Land estreinatuko dela kontuan hartuta, katalogo aparta daukate esku artean.
Iruzkinak