Game Erauntsia Elkarteak Link heroiaren Game Boy kontsolako abentura mitikoa itzuli du. TLoZ: LA DX HD port-a hartu da oinarritzat lokalizazioa burutzeko.

Game Boy eramangarriko zenbat bideojoko har ditzakegun mitikotzat: Super Mario Land, Pokémon klasikoak, Kirby, Tetris, Wario Land… Horien artean kokatzen da, zalantzarik gabe, The Legend of Zelda: Link’s Awakening, eta oraindik aurrera euskaraz joka dezakegu.

Game Erauntsia Elkartea arduratu da 1993. urtean argitaratutako abentura klasikoa lokalizatzeaz. Ez da, baina, bertsio originala itzuli —ezta Switch-eko berregitea ere—, orain gutxi estreinatutako ordenagailuetarako bertsio ez-ofiziala baino. The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX HDren testuak hartu eta itzuli dira gure mintzairan egoteko.

 

Testuekin batera, jokoan aurki daitezkeen irudiak ere euskaratzea lortu da: horretarako, Julen Urrutia artistaren laguntza jaso du euskal bideojokozaleen elkarteak, joko osoa euskaraz egotea bermatuta.

Itsasoan galdu ondoren, Koholint irlan esnatu da Link gaztea. Berarekin batera, baina, munstroak iritsi direla diote bizilagunek; are gehiago, Haize-arrain misteriotsuari lotutako sekretuak argitzea ezinbestekoa dela diote irlako gidek. Zelda klasikoen proposamena hartuta, ikuspegi isometrikoarekin esploratzen, borrokatzen eta puzzleak gainditzen ariko gara Koholinten zehar, bitartean irlako herritar eta biztanle maitagarriak ezagutuz.

 

Hobekuntza ugari

DX HD bertsioa ez da port arrunta, ordenagailuetarako bereziki sortutako bertsio natibo guztiz berria baizik. Hala ere, Game Boyko titulu originalaren itxura, musika eta sentipen orokorra mantentzen ditu, aldi berean berrikuntza interesgarriak gehituta.

Post by @gamerauntsia@mastodon.eus
View on Mastodon

Ikuspegia nahi bezainbeste urruntzeko —edo hurreratzeko— aukera eskaintzen da, hasteko: kamera nahi bezala koka dezakegu. Ikuspegi dinamikoaz ere gozatuko dugu; hortaz, gela txikietatik mugitu beharrean, gune batetik bestera inolako trantsiziorik gabe igaroko gara.

Zaleek sortutako bertsioaren fitxategi originalak eraldatu ditugu, baina ez hori bakarrik: BigheadSMZ zalea bere kabuz prestatzen ari den eguneratutako bertsioa ere itzul daiteke. Une honetan, 1.3.9 gaurkotzerako fitxategiak ditugu. Hainbat hobekuntza gehitzen dizkio jatorrizko DX HDri: akats zuzenketekin batera Redux aukerak, erronka desberdinak eta bestelako edukiak gaineratzen ditu.

Eguneratzeak kaleratzen jarraitzen du zaleak, eta sarritan euskaratzea apurtzen dute —pare bat aldiz testuak aldatzen eta zuzentzen ibili behar izan gara horren ondorioz—; hortaz, oraingoz mugatu aipatutako adabakira.

Tamalez, TLoZ: LA DX HD originala aurkitzea ez da horren erraza izango. Nintendo-k bertsio berriaren fitxategi originalak ezabatzea lortu zuen; halere, jokoa sarean aurki daiteke oraindik.

 

Jarraitu beharreko pausoak

Euskaratze prozesua oso sinplea da. Pauso hauek jarraitu beharko dira:

  1. The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX HD (ezin ditugu fitxategiak eskaini).
    • Nahi bada, askotariko hobekuntzak gehitzen dituen 1.3.9 gaurkotzea jaitsi eta instalatu.
  2. Itzulpen fitxategiak jaitsi: DX HD originalerako / 1.3.9 bertsiorako.
  3. Euskaratzeko, fitxategiak karpeta desberdinetan kokatu behar dira. Ordezkatu originalengatik:
    • ‘dialog_eng.lng’ eta ‘eng.lng’ fitxategiak ‘Link’s Awakening DX HD/Data/Languages’ karpetan.
    • ‘ui’ fitxategia ‘Link’s Awakening DX HD/Data’ karpetan.
    • ‘intro’ fitxategia ‘Link’s Awakening DX HD/Data/Intro’ karpetan.
  4. Eginda! Ingelesezko testuak euskaratu dituzu.

Egun, DX HD ordenagailuetarako soilik dago. Proiektuak bizirik jarraitzen duenez, zorte pixkatekin eta komunitatearen ezinbesteko laguntzari esker, bestelako plataformetan zein gailuetan ikusteko aukera egon daiteke.

Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendako 201. bideojokoa da The Legend of Zelda: Link’s Awakening. Are gehiago gehituko ditugu laster!