Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzuaren baitan eskuratu ahalko da. Link-en abenturarik bereziena 2000. urtean merkaturatu zen Nintendo 64 kontsola
Nintendokoek N64 kontsolako bideo-jokoen iritsiera prestatzen jarraitzen dute Switcherako. Gaur bertan Banjo-Kazooie plataforma eta abentura jokoa estreinatu da kontsola hibridoan, eta dagoeneko hurrengoa zein izango den baieztatu dute. The Legend of Zelda frankiziako obrarik berezienetakoa izango da: Majora’s Mask otsailean kaleratuko dute.
Ocarina of Time maisulanaren jarraipen zuzena da Majora. Zaleen artean oso maitatua den abentura honek hainbat bitxikeria eta berezitasun biltzen ditu bere mekaniketan zein munduan. Hiru egunetako epean Termina-ko lurraldea salbatzeari ekingo dio Link protagonistak; izan ere, ilargia erreinu honen gainera erortzear dago.
Epe horretan helburua betetzea ezinezkoa izango da, baina. Hori lortzeko, denboran atzera egin beharko du abenturazale gazteak bere okarina erabilita: hiru egunetako lehenengora itzuliko da denboraren abestia jotzen duen bakoitzean, egindako guztia deseginda, baina bildutako objekturik garrantzitsuenak gordeta.
Denborarena ez da jokoaren ezaugarri berezi bakarra. Izenburuak argi uzten duenez, maskarek berebiziko garrantzia daukate abentura honetan. Hauek biltzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko, eta abileziak zein mekanikak goitik behera aldatuko dituzten ahalmenak eskainiko dituzte; nabarmentzekoak dira beste izaki batzuetan bilakatzeko balio duen maskara nagusiak.
Esan bezala, 2000. urtean kaleratutako N64ko bertsioa izango da Switchera helduko dena. 2015ean Nintendo 3DS kontsola eramangarrirako Majora’s Mask 3D remakea argitaratu zuten, baina momentuz hau ezingo da egungo kontsolan gozatu.
Nintendo 64ko gainerako jokoek egin bezala, Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzuaren baitan estreinatuko da Majora’s Mask. Abenduan Paper Mario kaleratuta, eta urtarrilean Banjo-Kazooie, Switchean hilabetero 64 bit-eko kontsolako obra berri bat estreinatuko dutela dirudi. Dagoeneko hainbat dira N Handikoek baieztatutakoak: F-Zero X, Pokémon Snap, Kirby 64: The Crystal Shards eta Mario Golf izango dira hurrengoak.
Polemikaz inguratutako zerbitzuak da Expansion Pack harpidetza. Hilabetean behin antzinako joko bakarra kaleratzeko estrategia honek arrakasta edukiko duen ikusteko dago, erabiltzaileak bere prezio altuarengatik kexaka baitabiltza: urtean 40 euro ordaindu behar dituzte harpidedunek.
Iruzkinak