Hyrule erresumarekin sortutako mundua “dibertigarria izateko beharrezko guztia sortu dutela” dio sagaren ekoizleak.
Famitsu aldizkari japoniarrean eskainitako elkarrizketan The Legend of Zelda: Tears of the Kingdomi buruz mintzatu da Eiji Aonuma Nintendo-ren frankiziako ekoizlea. Aipatzen duenez, “Tears of the Kingdomek ez du eduki gehigarririk jasoko“.
Ocarina of Time. Majora’s Mask edo Wind Waker maisulanen zuzendaria Zeldaren azken jokoko Hidemaro Fujibayashi arduradun nagusiarekin batu da. Breath of the Wild-en sortutako eta ostean Tears of the Kingdomen hedatutako mundua “dibertigarria izateko beharrezko guztia sortu dutela” dio Aonumak. Hori horrela, une honetan ez daukate DLC-ak garatzeko asmorik.
TotK-ekin jarraipen zuzena egitea erabakitzerakoan gakoa Hyrule berean “jokagarritasun berria” prestatzea izan zela azpimarratzen du ekoizleak. Halako aukerak berriz agertuz gero, “agian unibertsoz beste behin errepikatzeko bidea” izango litzatekeela dio. Hortaz, BotW-en hirugarren atala ikusteko aukera egon daiteke.
DLCei momentuz uko egiten badiete ere, aipatutakoekin agian jarraipen batera jo beharrean espantsio handia eratzeari ekin diezaioketela pentsa daiteke, noski.
Dena den, hurrengo Zelda “sekuela edo lan guztiz berria bada ere, jokatzeko modu zeharo berriak edukitzea” bilatuko dute sagaren arduradunek.
Game Erauntsian uztailean argitaratutako analisian The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom esperientzia “gazi gozoa” zela adierazi genuen. Mekanika berriak apartak eta berritzaileak diren bitartean, Hyrule errepikakor eta hutsa mantendu dute Nintendo-koek:
Laburbilduz, magiaz beteta jarraitzen duen abentura erraldoia da Tears of the Kingdom, baina goraipatzeko berritasunak eskasak dira. Breath of the Wildez maitemindu zirenek eta bere mundua berriz ikusi gura dutenek gozatuko duten titulua da; nahikoa izan edo proposatutako askatasunarekin itota bukatu zutenek, berriz, ez dute pisuzko arrazoirik Hyrule honetara itzultzeko.
Iruzkinak