Eiji Aonuma ekoizleak Link-en hurrengo abenturaren lehen jokagarritasun bideoa aurkeztu du.
Agindu modura, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom desiratuaren bideoa aurkeztu du Nintendo-k. Breath of the Wild-en jarraipenak ekarriko dituen berritasunak erakutsi dituzte bertan: sorkuntzari lotutako ahalmen bereziak erabiliko ditu Linkek.
Eiji Aonuma ekoizlea izan da ezaugarriok aurkezteko arduraduna. Bideo hasieran bigarren jokoko gune berriak ezagutzeari ekin diogu: zeruko irlak, hain zuzen ere. Hauetara bidaiatzeko hainbat bide edukiko ditugula adierazi du Majora’s Mask edo Wind Waker titulu zuzendariak; bideoan, baina, rewind edo birbobinatzea erabiltzen du. Horri esker zerutik eroritako hondakinak atzeran bidali dezakegu, gu geu gainean igota.
Irletan arerio berriaren aurkako borrokak izan dira ardatzetako bat. Construct izeneko golem antzekoak nahiko ahulak direla dirudi; dena den, nobedadeetako bati esker are errazago garaituko ditugu. Objektuak elkartzeko ahalmenarekin (Fuse deitzen diote) gure inbentarioko zein inguruneko tresnak hartu eta gauza desberdinetarako batuko ditugu.
Trailerrean, esaterako, ezpata arrunta harriarekin batzen dute. Horri esker, armaren indarra areagotzen, eta, aldi berean, honen iraupena handitzen da. Hori bai, hau erabilpenik sinpleena dela esan daiteke: adibidez, ezkutuari perretxiko bat jarrita, etsaien kolpeak gelditzerakoan kea eragin dezakegu. Ihes egiteko edo isilpean erasotzeko aproposa.
Fusekin erakutsitako beste aukeretako bat aurreko trailerrean ikusitakoa da. Geziei Keese saguzarren begiak jarrita, gezi jarraitzaileak sor ditzakegu. Hau da, aukera amaiezinak izango direla dirudi, eta jokalariei esperimentatzera bultzatu nahi diete N Handikoek.
Antzeko ahalmena da Ultraeskuarena (Ultrahand): honekin enborrak, haizagailuak nahiz kokalekuetatik sakabanatutako edozein objektu har dezakegu bateratzeko. Horixe bera egiten dute laku bat zeharkatzeko; alabaina, enborrekin txalupatxoa eraiki, eta honi haizagailuak erantsita bakarrik funtzionatzen duen motordun txalupa presta dezakegu.
Abilezia hau ere azken bideoan ikusitakoa da. Aonumak aipatzen duenez, egitura are konplexuagoak eraikitzeko bideak eskainiko dizkigute: adibidez, autoak sortzen ariko gara.
Bideoan aurkeztutako azken boterea ere ezaguna da bideoak jarraitu dituzten jokalarientzat: sabaiak zeharkatu eta goialdean agertzeko tresna izango da gora egitekoa ( Ascend). Nahiz eta ahalmen sinplea dirudien, mugimendua zeharo aldatuko duen mugimendua da: kobazulo batean gaudela zuzenean gora teleportatzeko aukera eskainiko digu, besteak beste. Horrela, bidaiak erabat aldatuko dira aurreko jokoarekin alderatuz.
Horixe izan da, gutxi gorabehera, Tears of the Kingdomen lehen jokagarritasun bideoan aurkeztutakoa. Orain arte trailer urri batzuk ikusi ditugula kontuan hartuta, suposatzekoa da titulu berriak misterio asko gordetzen dituela; egia esan, hori da Aonumak aldarrikatutakoa.
Otsailean bigarren atalak eskaintzeko duenari buruz hausnartu genuen Game Erauntsian argitaratutako iritzi artikulu sakonean: Hyrule-ko erresuma berriz bisitatuz: zer eskainiko ditu Tears of the Kingdom-ek?
Zorionez, gutxi falta da misteriook argitzen hasteko: The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom maiatzaren 12ean kaleratuko da. Nola ez, Nintendoko esklusiboaren aurrean gaude. Switch kontsolan jokatu ahalko da, hortaz.
Iruzkinak