Ocarina of Time klasikoaren mekanikak zein elementuak hartuta abentura eta gune berriak proposatzen dituen titulua eratzeari ekin diote.

Romhacking eszenak gogor jarraitzen du: gaur egun dozenaka proiektu garatzen dabiltza bideojokozale komunitateak. Kaleratutako azken proiektua The Legend of Zelda frankizian oinarritutakoa da: TLoZ: The Sealed Palace bideojokoa kaleratu dute Jinnosuke, Shoopey eta Col0Korn sortzaileek osatutako taldeak.

Zehazki, Nintendo 64 kontsolako Ocarina of Time maisulana ardatz hartuta sortutako bideojoko berria da The Sealed Palace. Hau da, horren ROM fitxategia hartuz eta bertako elementuez nahiz mekanikez baliatuz prestatu dute romhacka: jokoaren eraldaketa handiaren aurrean gaude, beraz.

Istorio guztiz berria aurkeztuko digu zaleen obrak: Kokiri basoa erre dute Hyrule gazteluko soldaduek, baita bertako bizilagunak espetxeratu ere. Link kartzelan esnatuko da, eta gaztelutik ihes egitea izango da bere helburua. Hortik aurrera gune berriak zein ezagunak ezagutuko eta aurretik ikusi gabeko abenturak biziko ditugu.

Agerikoa denez, proiektuko lanik esanguratsuena tokien sorkuntzari lotutakoa da: kokaleku berriek maila ikaragarria erakusten dute, tamaina handiekin eta xehetasun askorekin. Noski, Nintendo 64ko hardwareak mugi ditzakeela kontuan hartuta.

Urrezko 100 Skultulla eta 20 bihotz zati gordetzen ditu, gainera: hauek bilatzeko puzzleak gainditu beharko ditugu. Sealed Palacek, zoritxarrez, ez du objektu edo etsai guztiz berririk biltzen; horrela, Ocarina of Timen ikusitako arerioen aurka ariko gara.

Bideojokoa eskuratzeko ROM fitxategiarentzako adabakia argitaratu dute sortzaileek: hau Romhacking.net webgunean aurkituko dugu. Hala ere, joko originalaren ROMa edukitzea ezinbestekoa da erabiltzeko: zehazki, “Legend of Zelda, The – Ocarina of Time (U ) (V1.0) [!]” fitxategia eskatzen dute.

Hori lortuta, Hack64 web orrialdean aurki daitekeen tresna erabil dezakegu adabakiarekin batera The Sealed Palacen fitxategia sortzeko: bertan ROMa zein adabakia aukeratu, eta romhacka eratuko digu unean. Jokatzeko Nintendo 64ko emulatzailea beharko dugu ezinbestean: onenen zerrenda prestatu genuen emulatzaileen erreportaje berezian.

 

Romhack ikaragarriak

The Legend of Zelda: Ocarina of Timen oinarritutako romhackek sekulako indarra hartu dute azken urteetan. Gehienbat aldaketa txikiak inplementatzen dituzten proiektuak ikusten badira ere, The Sealed Palace bezalako lan osoak aurki ditzakegu sarean.

Hori da, esate baterako, orain urte batzuk analizatu genuen The Missing Link interesgarriaren kasua: “disfrutatzeko joko aipagarria” dela adierazi genuen testuan.

Zelda alboratuta, Ocarina of Time beste joko batzuetara eramaten duten romhackak egon badaude. Banjo-Kazooie maisulana hartuta eratutako The Jiggies of Time ikaragarria da horren adibidea: Rare-n plataforma jokoari OoT-ren girotzea eskaintzen dion sekulako jokoa da.