TLR Games estudio bilbotarrak Brainwash Gang madrildarrarekin elkarlanean garatutako abentura berezia da. Iaz estreinatu zen PC-an eta gailu mugikorretan.

“Eguneroko bizitza eta ohiturak irudikatzea” helburu duen The Longest Road on Earth ustekabean kaleratuko da kontsoletan. Horrela iragarri dute arduradunek sare sozialetan: etzi, urtarrilaren 27an, merkaturatuko dute PlayStation, Xbox nahiz Switch kontsoletan.

Arturo Monedero bilbotarrak gidatutako TLR Games euskal garatzailearen lehen lana da abentura lasai eta berezi hau; pasa den astean iragarri zuten orain prestatzen dabiltzan IDEA puzzle joko interesgarria. Brainwash Gang madrildarrarekin batera garatutakoa da The Longest Road on Earth.

Lau pertsonai antropomorfikoen egunerokotasuna biziko dute jokalariek bertan. Hausnarketa eta begiespena sustatu nahi dute arduradunek; hori horrela, jostagarritasun aldetik ez da inolako erronkarik egongo: ezingo da amildegietatik behera erori, ezta etsaien aurkako borrokak galdu ere. Jokalariek ez dute game over pantailarik ikusiko.

Garatzaileek nabarmentzen dutenez, “The Longest Road on Earth bezalako jokoetan agertzen diren tokiak sortzerakoan xehetasun txikiak sortzeko lana egiten dugu”. Xehetasun horiek “duten tamaina txikiagatik deskribatzaileegiak ez diren arren oso adierazgarriak izan daitezke, eta jokalariei ikusten ari direna interpretatzera eraman diezaiekete”.

Girotze apartean murgiltzeko xehetasunez betetako pixel art estetika eta soinu banda lasaia zein ederra eratu dute.

2019an Kickstarterreko kanpaina batekin lortu zuten jokoa finantzatzeko oinarri ekonomikoa. 400 bat mezenasekin guztira 11.045 euro batu zituzten. Horren ondoren Raw Fury indie jokoen argitaletxe eta banatzaile suediarrarekin akordioa adostu zuten The Longest Road on Earth argitaratzeko. 2020ko maiatzean kaleratu zuten PCrako Steam bidez, baita Android eta iOS gailu mugikorretarako ere.

PlayStation, Xbox eta Switch plataformetako bertsioak urtarrilaren 27an merkaturatuko dira.