“Mirariei, aurkikuntzari eta partekatzeari” buruzko abentura izango da: zure ideiei lagundu, eta besteenak ikusi zein partekatu.

Obra interesgarri eta desberdina aurkeztu dute TLR Gameseko garatzaile bilbotarrek. IDEA deitua, Steam bidez kaleratuko duten puzzle eta esplorazio abentura izango da.

Norbere ideiek munduan zehar bere bidea aurkitzea izango da jokoaren xede nagusia: ideia horiek bonbilla txuri batekin irudikatuko dira. Mundua esploratzeari ekingo diote: ikuspegi zenitalarekin bonbillak biraka, boteka eta jauzika ariko dira, kokaleku desberdinetako oztopoekin talka eginez.

Jokalarien helburua ibilbide hori erraztea da: ideia trabatuta geratzen denean oztopoak ezabatzeko aukera edukiko dute. Hori bai, pantaila bakoitzean birritan soilik kendu ahalko dituzte traba horiek. Horren ondorioz, batzuetan ezinezkoa izango da aurrera egitea, eta ideiak bertan geratuko dira, trabatuta.

Helmugara heldu aurretik geldi geratzen diren ideia horiek beste jokalarientzako baliogarriak izan daitezke, baina. “Idatzi gogoeta bat, abesti bat, bertso bat”, diote garatzaileek, “eta parteka ezazu”. Hor geratuko dira, betiko, beste jokalariek ikus dezaten.

Ideia gogokoenak gordetzeko aukera egongo da; jokalariek beren gogoeta hori zenbat biderrez gorde den ikusiko dute. Gero eta gehiago jokatu, ideietan gehitzeko ikono eta irudi gehiago desblokeatuko dira.

Ideiak helmugara heltzea lortzen badu, galeria pertsonalerako irudi bereziak eskuratuko dituzte jokalariek.

Bideo-jokoa Olli Huttunen zinemagileak eratutako IDEA film laburrean oinarritzen da; hain zuzen ere, Huttunenek ateratako 4K bereizmeneko paisaiak erabiliko ditu TLR Gamesen lanak. “Laster” argitaratuko dutela diote bilbotarrek, datarik zehaztu gabe. Steam bidez desiratutako jokoen zerrendara gehitzeko aukera ematen dute dagoeneko.

Joko patxadatsu eta lasaiak eratzen adituak dira TLR Gamesekoak. Brainwash Gang estudio espainiarrarekin batera kaleratu zuten iaz The Longest Road on Earth interesgarria.