Praenaris taldearen walking simulator abentura 2023an kaleratuko da ordenagailuetan nahiz PlayStation 5 kontsolan.
The Silent Swan abenturaren bideo berria argitaratu dute Praenaris talde donostiarreko —aurretik Studio Circenses nafarra zen— kideek. Tituluaren ingurugiroetan eta bisitatuko ditugun kokalekuetan ardaztu dira oraingoan; zehazki, harresi barruko lurraldeak erakusteari ekin diote irudiotan.
Mirov Kavrazyma protagonistak mundu ezagunaren ertzera bidaiatuko du denboran galdutako emakumearen bilatzeko zein bere iragana ezagutzeko. Horrela, harresietatik haratago dagoen lurraldea izango da jokoaren beste protagonista: trailerrean ikus dezakegunez, baso, zubi eta hiri erraldoi misteriotsuak esploratuko ditugu bertan, besteak beste.
Argi geratzen da estetika aldetik lan bikaina prestatzen ari direla gipuzkoarrak. Jokagarritasun aldetik, berriz, walking simulator erako lanaren aurrean gaude: guneetatik aztarnen eta istorioa ulertzen laguntzen ditugun elementuen zein baliabideen bila ariko gara.
Zehazki, paperezko zisne bereziak aurkitzea izango da helburu nagusia, Miroven sekretuak gordetzen baitituzte. Horiekin batera mezuak eta “hari narratiboak” jarraitu beharko ditugu. Oinez ibiltzeaz gain, txirrindu erako ibilgailua ere erabiliko dugu; izan ere, mundu erraldoia zeharkatu beharko dugu.
Esploratzeak sariak dakartzan lana izango dela dirudi. Garatzaileek “amaiera desberdinak” aipatzen dituzte; beraz, hauek lortzea gure esku egongo da.
Praenariskoek Firewatch, Bloodborne edo Shadow of the Colossus aipatzen dituzte The Silent Swanen inspirazio iturritzat. CreaNavarra zentroko ikasle izandakoek PlayStation 5ean zein PC-an merkaturatuko dute bideojokoa.
Hala ere, oraindik itxaron egin beharko dugu: The Silent Swan 2022 bukaerarako aurreikusita bazegoen ere, atzerapenak jasan ditu. Bideoan ageri denez, aurten prest edukitzeko asmoa agertu dute, egunik zehaztu gabe.
Iruzkinak