Steam Next Fest-ek ehundaka bideojokoren probak batuko ditu hainbat egunetan. One Last Breath euskalduna egongo da horien artean.

Steamek dozenaka ekimen antolatzen ditu. Horien artean azken urteetako arrakastatsuena izan da, zalantzarik gabe, Steam Next Fest: bideojokoen demoen eta proben festaren udako edizioa ekainaren 13an abiaraziko dutela jakitera eman dute Gabe Newell-en enpresakoek.

Ohi bezala, zazpi eguneko iraupena izango du ekitaldiak; hortaz, ekainaren 20an itxiko dute. Epe horretan ehundaka bideojokoren demoak, zuzeneko jokaldiak eta garatzaileei egindako elkarrizketa bereziak bilduko dituzte.

Antolatzaileek prestatutako bideoan doan jaisteko eta jokatzeko egongo diren demoetako batzuk zeintzuk izango diren ezagutu dugu: Cult of the Lamb, Ghost Song, Nine Sols, Foretales, Fays Factory eta askoz gehiago azaltzen dira bertan.

Ez hori bakarrik: jakin ahal izan dugunez, euskal garatzaileek sortutako joko berri batera aritzeko aukera ere edukiko dugu; izan ere, Moonatic Studios nafarraren One Last Breath interesgarriak ekimenean parte hartuko du. Eneko Zubiaurre garatzaileak adierazi duenez, demoa ezin izan dute euskaraz eskaini, baina behin betiko bertsioan gure mintzairan jokatzeko aukera izango dugula ziurtatu du.

Gure interesa piz dezaketen bideojokoen gomendioak egingo dizkigute Valvekoek Steamen bidez: ekitaldiaren orrialdean iragazkien bidezko bilaketak egiteko aukera edukiko dugu, baina horretaz gain jokatu ditugun tituluen arabera interesgarriak egin dakizkigukeen obrak ere azalduko zaizkigu. Oso garrantzitsua, Steam Next Festaren titulu kopuruaren ondorioz benetan zaila baita bideojokoak aukeratzea.

Esan bezala, 2022ko udako Steam Next Festa ekainaren 13tik ekainaren 20ra egingo da.