Dohainik jokatzen hasi ahalko gara, baina familia kudeatzaile sagaren bosgarren atalak ordainpeko edukiak bilduko ditu.
Electronic Arts eta Maxis Studios taldeek The Sims 5 dohainik deskargatu eta jokatu ahalko dela jakinarazi dute. Project Rene izendatzen dute oraindik garatzaileek, eta honen lan eskaintza batean doako sarbidea (free to enter) duen jokoa izango dela azaltzen zen. Lyndsay Pearson The Sims sagako sormen zuzendariordeak hau baieztatu du.
“Project Rene doan deskargatzeko lana izatea nahi dugu, prest dagoenean eta gure jokalariek joka dezaketenean, Project Renen harpidetzarik gabe, oinarrizko jokoa erosi gabe edo energia mekanikarik gabe jokatzeko eta esploratzeko aukera edukiko duzula esan gura du”, dio Pearsonek. “Bai, Project Rene argitaratzen dugunean doakoa izango da”, berretsi du.
Erabakiarekin lagunekin eta familiarekin jokatzeko bideak erraztu nahi dituzte. Partidak elkarrekin jokatzeko gonbitak bidaltzea erraza eta azkarra izango dela dio Pearsonek, eta oinarrizko jokoa doakoa izaterakoan ez da mugarik egongo.
Estreinatzerakoan laugarren atalak hasiera batean edukitako ezaugarrien eskaintza murriztua itxaroteko aurreratu dute EAkoek, gainera. Hastapenetatik joko “indartsua eta kohesiboa” prestatzeko bidea da, baina denborarekin “esperientzia eta eduki berriak” inplementatuko dituzte.
Hori horrela, familia kudeatzaile ezagunaren bosgarren titulua “modu desberdinean garatzen dabiltzala” aldarrikatu du sormen zuzendariordeak. Behin betiko bertsioa argitaratu aurreko bidean hainbat fase egongo direla dio: “Gonbidapen itxiak zein beta publiko txikiak egon daitezke, baita sarbide goiztiarreko proba handiagoak ere”.
The Sims 5 doakoa bada ere, aipatutako berritasunetako nahiz edukietako asko ordainpekoak izango dira; sagaren zaleek ondo jakingo dutenez, DLCak eta eduki gehigarriak barra-barra argitaratzen dituzte Maxisekoek euren tituluetan.
Oraingoan oinarrizko ezaugarriak doan inplementatuko dituztela dio Pearsonek, baina horietan sakontzerakoan ordainpeko funtzionaltasuntzat argitaratuko dituzte.
Eguraldiaren adibidea aipatzen du: The Sims 4n eguraldi desberdinak ikusteko DLCa ordaindu behar zen, baina The Sims 5en hasieratik egongo da oinarrizko jokoan. Neguko ekimen edo jarduera zehatzez gozatzea ahalbidetuko duten espantsioengatik, berriz, ordaindu beharko da.
Bukatzeko, laugarren eta bosgarren jokoak elkarrekin bizirautea nahi dute. Bi tituluek eguneraketak eta berritasunak jasoko dituzte; The Sims 4k ez dute alboratuko datozen urte luzeetan, beraz.
The Sims 5 ikusteko asko geratzen da oraindik: duela ia urtebete iragarri zuten ofizialki, eta ordutik hona berri gutxi eman dituzte. Argitaratze datarik eta plataformarik zehaztu gabe, momentuz horrela jarraituko dugula dirudi.
Iruzkinak