Rosalina edo Bowser Jr. ikusiko ditugu, besteak beste, iturginaren bigarren animazio filmean. Datorren urteko apirilean estreinatuko da zinemetan.
Nintendo eta Illumination enpresek The Super Mario Galaxy Movie Direct aurkezpena eskaini dute. Filmaren inguruko xehetasun gehiago aditzera emateaz gain, lehen trailer handia argitaratu da ekitaldiaren baitan, animazio film luzean agertuko diren pertsonaia berriak ezagutzeko aukera eskainita.
Galaxy azpitituluarekin, espero bezala, Rosalina izango da aurpegi berrietako bat. Horri lotuta, espazioan zehar ariko dira gure protagonistak oraingoan: Galaxyko izar hegalariak, planeta txikiak zein bertan agertutako etsaiak eta buruzagiak ikus daitezke bideoan.
Bowser Jr, Koopa erregearen semea, ere agertuko da bigarren filmean. Super Mario Sunshine-ko lehen agerraldiko itxura duela esan daiteke; hala eta guztiz ere, azken Super Mario Bros. Wonder-eko botereak —edo antzeko zerbait— erabiliko dituela dirudi.
Filtrazioetan, baina, trailerrean agertu gabe geratu den pertsonaia garrantzitsua erakutsi digute: Yoshi dinosauroa ere ezagutuko dugu film berrian.
2024an iragarri zuten bigarren filma, lehena 2023an estreinatu ondoren. Izugarrizko arrakasta lortu zuten Marioren lehen animazio filmearekin: bideojokoen egokitzapenei dagokienez, zale gehien mugiarazi dituena da, inolako zalantzarik gabe.
The Super Mario Galaxy Movie 2026ko apirilean estreinatuko da zinemetan.
The Legend of Zelda, eta, Nintendo, beste bide batzuetatik
Iturginarena ez da Nintendo une honetan prestatzen ari den filme bakarra. 2023ko azaroan The Legend of Zelda sagan oinarritutako filma iragarri zuten: Sony Pictures Entertainment-ekin elkarlanean filmatzen hastekoak dira.
Link heroiaren film luzea ez da animaziozkoa izango. Benjamin Evan Ainsworth aktorea izango ausardiaren aukeratua; Zelda printzesaren rola, berriz, Bo Braganson-ek jokatuko du.
Zeldarena beranduxeago ikusiko dugu, ordea: 2027ko martxoaren 26an estreinatzea aurreikusten dute arduradunek.
Animazioaren mundura itzulita, Nintendo Pictures animazio proiektuen marka ezagutzera eman zuten japoniarrek joan den urrian. Pikmin frankizia ardatz hartzen duten Close to You film laburrekin aurkeztu zuten, baina helburua “sormen aukera berriak esploratzen jarraitzea” da.
Lander Unzueta
Iruzkinak