Egungo kontsoletara eta PCra iritsiko da: doakoa izango da aurreko bertsioaren erosleentzat, eta lehen bi espantsioak ere gehituko ditu.

CD Projekt RED-ek The Witcher 3: Wild Hunt – Remastered iragarri du Gamescom azokaren Opening Night Live ekimenean. Birmasterizazioa berrikuntza mordoarekin iritsiko da irailaren 29an.

Aldaketen zerrenda luzea bezain esanguratsua da: atal grafikoa, argiztapena, animazioak, menuak, eskalatze sistemak —DLSS 4.5, FSR 4 eta XESS 2— zein beste hainbat ezaugarri berriztatuko dituzte; gainera, borroketan mekanika berriak gehitu, eta ibiltzerakoan nahiz zaldi gainean mugitzerakoan hobekuntzak ikusiko ditugu, baita argazkilaritza modua erabiltzeko aukera eduki ere.

Horrenbeste berrikuntzarekin, ordaintzea beharrezkoa izango dela pentsa daiteke, baina ez da horrela izango: CD Projekt REDek debalde eskainiko die birmasterizazioa jokoa PC, PS5 eta Xbox Series kontsoletan erosita daukatenei. Are gehiago, oinarrizko jokoa bakarrik edukiz gero, Hearts of Stone eta Blood and Wine espantsioak dohainik jasoko dituzte erabiltzaileek.

Aipatutako bertsioei Switch 2 kontsolakoa gehituko zaie: Switch originalean The Witcher 3 erosita dutenek musu-truk jasoko dute egungo gailuko bertsioa, gainerako plataformetan gertatu bezala.

Ez dugu kontsola zaharragoetan ikusiko, itxura batean, eskakizun eta baldintza teknikoak areagotuko baitira birmasterizazioaren berrikuntzekin; halere, 2022an denetariko hobekuntzak gaineratu zituen Complete Edition argitaratu zutela gogoratu beharra dago.

 

Songs of the Past espantsioa

Birmasterizazioa baino pixkat beranduxeago iritsiko da The Witcher 3ren hirugarren espantsio handia: Songs of the Past. Data zehatzik gabe, datorren urterako prest edukitzea aurreikusten dute poloniarrek. Kasu honetan, eskuratzeko ordaindu egin beharko dugu.

Lehen bideoa ikusteko aukera egon da ONLean: gune eta etsai berriak ageri dira trailerrean, baina ez digute azalpen handirik eskaini.

The Witcher unibertsoak bizirik jarraitzen du bideojokoen munduan. Hirugarrenaren berrikuntzei The Witcher IV —2028an argitaratuko omen da—, lehen Witcher jokoaren berregitea eta multijokalari proiektua gehituko zaizkie.