PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara iritsiko da Ciri-ren abentura.

CD Projekt RED talde poloniarrak The Witcher IV 2028rako prest edukitzeko asmoa adierazi du.

Michal Nowakowski enpresaren zuzendariak eman du berria Gamescom azokarako prestatutako bideo berezian. Aipatutakoen artean nabarmendu da laugarren jokoaren data; ez da harritzekoa, orain arteko proiekturik handiena dela aldarrikatu baitute, 500 garatzaileren artean sortutakoa.

Pixkat gogoratzearren, aldaketa handiekin dator The Witcher IV: Erribiako Geralt protagonista mitikoa alboratuta, ondo ezagutzen dugun Ciri gidatzeaz arduratuko dira oraingoan jokalariak. Ohiko premisa aurkeztuko zaigu, hori bai, baina atal teknikoan ere berritasun esanguratsuak datoz. Lehenengoz, CD Projekten berezko garapen motoreak alboratu, eta Unreal Engine 5ekin prestatzen dabiltza mundu irekiko jokoa. Orain arte erakutsitako bideoak, behintzat, ikusgarriak dira.

Guztia ondo badoa —ikusiko dugu, Cyberpunk 2077k bizitako trabak ezagututa— 2028an ikusiko dugu The Witcher IV. Plataformei dagokienez, PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da.

 

Hirugarrenak bizirik dirau

Laugarrena ikusi aurretik aztien mundura itzultzeko astia edukiko dugu, halere. Nowakowskik Gamescomean The Witcher 3: Wild Hunt – Songs of the Past espantsioa erakutsiko dutela gogoratu du, ikusteko asko egongo dela adierazita. Gaur bertan ekingo diote azoka europarraren aurkezpenari Opening Night Live zuzeneko emanaldiarekin: bertan egongo da hirugarren Witcherren eduki gehigarria.