Gaur ikusiko dugu Square Enix-en JRPG abenturena, 40 urte betetzen baitituzte; bihar, The Witcherren Blood & Wine espantsioaren hamargarren urteurrenari zuzendutakoa.
Udako aurkezpenekin hasiak dira dagoeneko enpresa handiak. Ustekabean, bi emanaldiren berri eman dute Square Enix eta CD Projekt RED taldeekin: Dragon Quest nahiz The Witcher bideojokoei zuzendutako iragarpenak izango ditugu.
Lehena, Dragon Quest mitikoarena, gaur 15:00etan ikusi ahalko da. Ez da edonolako ekitaldia izango: sagaren 40. urteurrena ospatzera bideratutako zuzeneko berezia baizik. Are gehiago, Akira Toriyama frankiziaren pertsonaien eta munstroen diseinatzaile ezaguna zendu zenetik egiten duten lehen ospakizun handia da. Hori horrela, iragarpen bereziak espero dira.
Nola ez, sagaren 35. urteurrenean iragarritako Dragon Quest XII: The Flames of Fate berriro agertzea espero dute askok, nahiz eta azken bost urteotan desagertuta ibili den. Aurrerapen txikia eskaini ziguten ordu hartan SEkoek, eta ordutik hona ez dugu askoz gehiago entzun bideojoko berriaren inguruan.
Tartean, Dragon Quest I-III HD-2D berregiteak nahiz aurten estreinatutako Dragon Quest VIII Reimagined jaso ditugu. Ez litzateke harritzekoa izango beste berregiteren bat iragartzea, baita spin-off tituluren bat ere.
The Witcherrekoek, bestalde, The Witcher 3: Wild Hunt ezagunari amaiera emateko Blood & Wine espantsioa estreinatu zenetik hamar urte igaro direla ospatuko dute bihar, 17:00etan. Zergati bitxia, baina, azken hilabeteotan entzuten gabiltzan zurrumurruak kontuan hartuta, zentzua hartzen duena: hirugarren jokoarentzako beste DLC handi batean omen dabiltza lanean poloniarrak.
Egia bada, ez litzateke esku artean daukaten proiektu bakarra: The Witcher IV prestatzen dabiltzala gogoratu beharra dago, baita The Witcher originalaren berregitea zein aztien unibertsoan girotutako online elementuak bilduko dituen Project Sirius misteriotsua.
Ekainean sartzeko egun gutxi batzuk geratzen dira, eta egunotan enpresa handien zein kolektibo desberdinen zuzenekoak eta aurkezpenak ikusi ahalko dira. Azkenak baieztatzerakoan, Game Erauntsian aurkituko duzue udako aurkezpenen behin betiko egutegia.
Lander Unzueta
Iruzkinak