Munstro ehiztari berriak Erribiako Geralt-en ordezkoa hartuko du. Saga berriaren hasiera dela diote CD Projekt Red-eko egileek.

CD Projekt Redek The Witcher IV trailer zinematikoarekin aurkeztu du ofizialki. Protagonista berria ezagutzera eman dute The Game Awards ekitaldian: Ciri, Cintrako Cirilla, izango da RPG sarituen laugarren ataleko ardatza.

Munstro ehiztarian bilakatuta ikusiko dugu oraingoan, Erribiako Geralt aitaordearen erreleboa hartuta. Bideoan ohiko jazoerak ikusiko ditugu: Ciri galdutako herrixka batera hurreratuko da munstro bat harrapatu nahian… baina benetako munstroak espero ez ditugunak direla ikusiko dugu.

Aurreratu dutenez, gure protagonistak aztien botereak eta edabeak erabiliko ditu. Harritzekoa, jokoetan —eta liburuetan— ez baitzuen inoiz halakorik lortzen, hauen probak igaro eta belarrak jan gabe.

Saga berriaren hasiera da: trilogia prestatzen dabiltza epe luzerako proiektu erraldoiarekin. Ez hori bakarrik, The Witcher unibertsoko hainbat spin-off abentura garatzen ari dira: The Witcher originalaren berregitea, horien artean.

Oraindik asko geratzen zaigu The Witcher 4 jasotzeko, tamalez. Dakigun bakarra poloniarrak Unreal Engine 5 garapen motorea erabilita sortzen dabiltzala da. Duela aste gutxi batzuk baieztatu dute ekoizpen osoa: 400 bat garatzailek osatutako taldea antolatu dute horretarako.