“Frankizia ospetsuen itzulera” aurreratuko dutela diote arduradunek bere lehen aurkezpen digital propioan.
“Denboran eta espazioan bidaiatzeko” asmoa dute THQ Nordicekoek beraien 10. urteurrenean. Bideo batekin argitaletxearen lehen aurkezpen digitala izango denaren iragarpena finkatu du irailaren 17rako Metro Exodus, Kingdom Come Deliverance edota Darksiders frankizien banatzaileak.
Geoff Keighley kazetari ezagunarekin elkarlanean egingo dute ekimen berezia. 21:00etan emango diote hasiera, eta sei iragarpen berri agindu dituzte antolatzaileek. Are gehiago, “frankizia ospetsuen itzulera” emango da bertan; orain gutxi Free Radical Design estudioak aurreratutako TimeSplitters sagaren berpizkundea espero da, baina ikusteko dago zeintzuk izango diren beste iragarpenak.
Aurkezpenean egongo diren baieztatutako jokoak ere daude: Piranha Bytes garatzailearen Elex RPG abenturaren jarraipenaren berri izango dute zaleek, baita Logic Artists-en Expedition: Rome-na ere.
THQ Nordicen 10. urteurreneko ekimena YouTube, Twitch eta Steam bidez jarraitu ahalko da, esan bezala, irailaren 17an 21:00etatik aurrera.
Iruzkinak