Steam plataforman estreinatuko da 1.0 bertsioa, aurretiazko sarbidea atzean utzita. Atal eta gidari berriak gehituko dituzte hurrengo gaurkotzearekin.
Tokyo Xtreme Racer lasterketa jokoa irailaren 25ean kaleratzeko asmoa agertu du Genki estudio japoniarrak. PCko jokoak Tokio hiriko Shuto autobidean kokatuko gaitu erronka desberdinak bizitzeko.
Jokoa aurretiazko sarbide fasean aurkitzen da orain: urtarrilean hasi zuen early access ibilbidea, eta ordutik hona denetariko gehikuntzak eta txukunketak gaineratu dituzte egileek. 1.0 bertsiora begira, azken atala eta bertan agertuko zaizkigun aurkariak inplementatuko dituzte, baita auto berrien sorta zabala ere.
Honda markako autoak dira berrikuntzarik nabarmenena, orain arte jokalariek horien hutsunea igarri baitute: NSX zein Integra Type R modeloak aipatzen dituzte egileek. Bestalde, Lexus, Toyota zein Nissan japoniarren auto gehiago ere ikusiko ditugu Xtreme Racerren.
Bukatzeko, erabiltzaileen aldetik jasotako feedbackari erantzun diotela aipatzen dute garatzaileek, oreka aldaketak eta bestelako zuzenketak inplementatuta.
Tokyo Highway Challenge izenez ezagutu genuen lasterketa jokoaren atal berria da Xtreme Racer: 1999. urtean iritsi zen Dreamcast-era, baina Japonian Tokyo Xtreme Racer izenarekin argitaratu zen. Sagaren hastapenak ezagutzeko are atzerago joan behar gara: SNES kontsolan argitaratutako Shutoko Battle ’94: Drift King jokoa da frankiziaren lehen atala.
180 kilometroko luzera daukan Tokioko Shuto autobide ezagunean jarriko gaitu beste underground gidarien aurkako lasterketetan. Girotze aldetik lan bikaina egin dutela aldarrikatzen dute sarbide goiztiarrean ibili direnek, eta Steamen balorazio apartak biltzen ditu dagoeneko.
Tokyo Xtreme Racer PCan kaleratuko da irailaren 25ean.
Iruzkinak