Lehen jokoaren 25. urteurrena ospatzeko adierazpenak egin ditu Hawkek. Activision arduratuko da joko berriaz.

Tony Hawk’s Pro Skater berria ikusiko dugu. Horrela adierazi du Tony Hawk skaterrak bere sare sozialen bidez: “Ezin dezaket ezer aurreratu sagaren etorkizunaren inguruan; hala ere, etorkizuna egongo da“.

Izan ere, atzo 25 urte bete zituen lehen THPS jokoak: 1999. urteko irailaren 29an estreinatu zen PlayStation originaleko bertsioa. Ondoren, Nintendo 64, Sega DreamCast edo Game Boy bezalako kontsoletan ikusi genuen port berriekin; ez hori bakarrik, 2020an Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 bilduma jaso zuen, lehen zein bigarren atalak berreginda.

Tony Hawk’s Pro Skater 3+4 bilduma garatzen hasiak ziren Vicarious Visions taldekoak, baina, tamalez, proiektua bertan behera geratu zen Blizzard-ekin bat egin zutenean.

Atal berria ezagutzeko asko geratzen dela dirudi, baina aipatutako berregiteak arrakasta nabarmena eduki zuela ikusita, eta gaur egun EA Skate berria sortzen ari dela jakinda, iragarpena ez da harritzekoa izan. Nola ez, Activision arduratuko da garatzeaz.

Atzera begira jarri da Hawk: “Ez genuen uste merkatu nitxoa gaindituko zuenik ikaragarrizko arrakasta lortzeko —eta, hainbatek diotenez— zein skateboarding-aren populartasunaren ibilbidea aldatzeko”. Horren muga berezia ospatzeko ospakizunak ikusi ditugu: urte hasieran ekitaldi berezia antolatu zuen skaterrak.

Lehen jokoarekin lortutakoarekin indartsu jarraitu zuten zenbait urtez: bigarren, hirugarren nahiz laugarren THPS jokoek sekulako arrakasta eduki zuten, eta horien ondoren hasitako Underground azpisagak ere salmenta esanguratsuak lortu zituen.