Lau fakzio, konkistatzeko galaxia zabala eta gudu erraldoiak agintzen ditu Creative Assembly taldeak.

Total War: Warhammer 40.000 iragarri dute Creative Assembly eta Sega taldeek. 41. milurtekoan girotutako estrategia jokoa ordenagailuetan estreinatuko da, baita PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ere.

Horrela, horren arrakastatsua izan den Total War: Warhammer trilogiako gakoak 40K unibertsora moldatuko dituzte. Lau fakzio agintzen dira, hasteko: Space Marines, Orks, Aeldari eta Astra Militarum armadak ikusiko ditugu.

Warhammer jokoa izanik, gure tropen itxura nahi bezala pertsonalizatzeko aukera aipatzen da prentsa oharrean: koloreak eta ikurrak aldatzeko aukerarekin batera, unitateen estatistikak hobetzen joango dira jokalariak.

Inperioa txandaka hedatzen joatea proposatzen dute Creative Assemblykoek. Horrela, konkistatzeko galaxia osoa edukiko dugu: Total Warretako ohiko mekanikak etorkizuneko asmakizunetara moldatuko dute, hori bai, arerioak orbitatik laser erraldoiekin bonbardatzeko, gailu eta tanke erraldoiak gidatzeko zein planeta osoak deuseztatzeko aukerekin.

Bideo zinematikoa eskaini badigute ere, alfa bertsioaren bideoak eta irudiak argitaratu dituzte egileek jokoak zer nolako itxura daukan ezagutzera emateko.

Tamalez, Total War: Warhammer 40.000ren argitaratze data ezagutu gabe geratu gara.

 

Medieval IIIrekin batera

40Krena ez da Creative Assembly garatzen ari den Total War bakarra. Joan den astean, sagaren 25. urteurrenarekin batera, iragarri zuten Total War: Medieval III.

Jokoa aurreprodukzio fasean baino ez dagoela adierazi zuten; hortaz, oraindik asko itxaron beharko dugu jokatzeko.