Aurkeztu gabeko beste bost bideojoko bertan behera geratu dira. Kaleratzeak egongo dira enpresa frantsesean.

Ubisoftek berregituratze handia, kaleratzeak, ezeztapenak eta berandutzeak aditzera eman ditu. Ezustekorik handiena Pertsiako printzeari lotutakoa da: Prince of Persia: Sands of Time remake bertan behera geratu da.

Harrigarria, zurrumurruek laster kaleratuko zela —shadowdrop edo ustekabeko argitalpena aipatzen zen— aldarrikatzen ibili baitira azken egunotan. Dirudienez, ez dira oso oker ibili: bideojokoa ia bukatuta omen zegoen, urtarrilaren 16an estreinatzeko asmoarekin; hala eta guztiz ere, Ubi ez zegoen pozik tituluaren egoerarekin, eta martxora berandutu zuten joan den urte bukaeran, bertan behera uzteko erabakia hartu aurretik.

2020an iragarri zuten Sands of Time mitikoaren berregitea, 2021ean argitaratzeko asmoarekin. Ubisoft Bombay eta Ubisoft Prune taldeek hasi zuten garapena, baina, publikoaren aldetik erantzun ezkorra jaso ondoren, berandutu egin zuten, ostean, Ubisoft Montreal-i emateko.

Ez da alboratutako bideojoko bakarra izan. Beste bost proiektu ezeztatu dituzte frantsesek: iragarri gabeko tituluak ziren. Lau, plataforma nagusientzat; azkena, mugikorrentzat.

Bizirik jarraitzen duten bideojokoei dagokienez, Beyond Good & Evil 2 horietako bat dela nabarmentzen dute Insider Gaming agerkaritik. Iragarri gabeko Assassin’s Creed Black Flag Resynced berregitearekin ere jarraitzen ei dute, baina geroratzeko erabakia hartuta.

Antza denez, une honetan zazpi bideojoko handi dituzte esku artean: horietatik, lau IP edo frankizia guztiz berriak dira, March of Giants proiektua barne. Hori bai: guztiak berandutu dituzte.

 

Berrantolatzea, bost etxe handirekin

Bideojokoei agur esanik, Ubisoft osatzen duten estudio nagusi guztien berrantolatzea dator. Bost talde nagusitan banatuko dira oraindik aurrera: “sormen etxeak” deituko zaie Ubitik. Diotenez, etxe bakoitzak bideojokoen genero edo ikuspegi desberdin bat hartuko du bere baitan.

Lehena Tencent konglomeratu txinatarrarekin batera iaz eratutako azpitaldea, Vantage Studios, da. Enpresaren frankizia ezagunenak hartuko ditu: hau da, Assassin’s Creed, Rainbow Six eta Far Cry jokoez arduratuko da.

Bigarren taldea tiro joko lehiakorrak zein kooperatiboak garatzen ariko da: Ghost Recon, Splinter Cell edo The Division. Hirugarrenak, berriz, “esperientzia zirraragarriak” hartuko ditu, Brawlhalla, The Crew, Riders Republic, For Honor zein Skull & Bones bezalako frankiziekin. Laugarren talde handia abentura narratiboez —nahiz eta gero bestelako lanak dauden— arduratuko da: Rayman, Prince of Persia, Anno, Might & Magic eta Beyond Good & Evil aipatzen dira. Bukatzeko, bosgarren azpitaldea Just Dance edo Ubiren mugikorretako jokoak prestatzen ibiliko da, titulurik kasualenak, familiei bideratutakoak, sortuz.

Tartean, kaleratzeak eta estudioen itxierak azpimarratu beharra dago. Joan den astean ezagutu genuen Ubisoft Stockholm eta Massive Entertainment estudioetan 55 langile kaleratu dituztela. Gainera, Ubisoft Abu Dhabi taldean ere kanporatzeak bideratu zituzten pasa den urte bukaeran. Ubisoft Halifax taldea itxi zuten, baita, 71 langile kaleratuta.

Enpresan jarraitzen duten langileek aldaketak biziko dituzte: telelana alboratzeko erabakia iragarri dute Ubisofteko exekutiboek. Horren ordez, bulegoetan lan egitera itzuliko dira.

 

“Fase berria”

Yves Guillemot Ubisofteko arduradun nagusiak enpresa “fase berrian barneratzen ari dela” adierazi du. Bertan, “sormen lidergoa berreskuratzea eta jokalarientzat zein akziodunentzat epe luzerako balioa eraikitzea” bilatuko dute.

Askok kontrakoa uste dute, ordea, eta kezkak nagusitu dira. Bost sormen etxeen sorkuntzarekin behar ez dituzten taldeak eta bideojokoak alboratzeko bide erraza aurkitu dutela aldarrikatzen da sarean zehar, Vantage Studios interesgarriari eustea ahalbidetuz, gainerakoak pixkanaka desagertzen doazen heinean.

Zerga urteko azken hiruhilekoaren behin-behineko irabaziak ezagutzera eman dituzte, bukatzeko: 330 milioi euroko irabaziak eduki dituzte. Emaitza guztiak finantza txostenean argitaratuko dira otsailaren 12an.