Enpresa frantsesak parte hartzea baieztatu zuen otsailean. Ubisoft Forward aurkezpena egingo dute.

Ubisoftek agur esan dio aurtengo Electronic Entertainment Expo azokari. VGC agerkariari jakinarazi dionez, E3 azokatik kanpo geratuko dira Assassin’s Creed edo Far Cry frankizien jabeak.

Hortaz, Ubisoftek ez du txokorik edo stand-ik edukiko ReedPop enpresak antolatuko duen ekitaldian. Asko izango dira 2023an E3tik kale egingo dutenak; hala ere, Ubisoften erabakia harritzekoa da. Otsailean publikoki adierazi zutenez, aurtengo ekimenean parte hartzeko prest agertu ziren: “Hasieran E3an egote ofiziala izatea zen asmoa, baina beste norabide bati ekiteko erabakia hartu dugu”, diote.

Norabide berria ezaguna da, ordea: ekainaren 12rako Ubisoft Forward aurkezpena iragarri dute. Ohi bezala, enpresako talde desberdinen bideojokoak ezagutzera emango dituzte Los Angelesen egindako zuzeneko ekitaldi berezian.

Emanaldian Assassin’s Creed: Mirage edo Avatar: Frontiers of Pandora bezalako lanak ikustea espero da; gauza bera gertatzen da aspaldi iragarritako Star Wars-en mundu irekiko abenturarekin.

 

Hankaz gora

Modu horretara, gainerako enpresa handien bide berbera hartu dute Ubisoftekoek: Nintendo, Xbox edo PlayStation ere ez dira Los Angelesko azokatik igaroko 2023an. Xboxekoek, adibidez, dagoeneko berezko ekimenak baieztatu dituzteekainaren 11n Xbox Games Showcase zein Starfield Direct aurkezpenak ikusiko ditugu.

Ez da harritzekoa izango Nintendo Direct-en bat edo beste iragartzea egun horietarako —are gehiago, 2023ko bigarren erdirako iragarritako ezer eduki gabe—; PlayStationek, ordea, udako jarduera handiak alboratu ditu azken urteotan.

Summer Game Fest ekimenaren iragarpenen zain egon beharko gara, gainera: hauek hainbat garatzaileren eta enpresen asmoak ezagutzera eman ohi dituzte, euren aurkezpen handia egiteaz gain.

E3 2023ak ekainaren 13an irekiko ditu bere ateak. Ekainaren 15era arte kazetariek eta industriako adituek izango dute sarbidea; ekainaren 16an, berriz, bideojokozaleak bilduko ditu.