Ezusteko handirik eman gabe, enpresa frantziarra etorkizun hurbilera begirako bideojokoei buruz mintzatu da Ubisoft Forward ekimenean.
Udako aurkezpen eta erakusketak mundu digitalera mugatu diren arren, bideojokoen enpresa handiak agindutakoarekin aurrera jarraitzen dute. Atzo Ubisoften txanda izan zen: Ubisoft Forward aurkezpenarekin etorkizuneko jokoak ezagutzera emateko aprobetxatu zen enpresa frantziarra.
Ezusteko gutxi ikusi genituen bertan. Alde batetik aurkezpeneko iragarpen handienak filtratu egin ziren joan den astean; Far Cryen seigarren atala Playstation Store bidez ezagutu genuen, eta Assassin’s Creed Valhallaren gameplay bideoak filtratu ziren sareetan.
Far Cry 6 otsailaren 18an kaleratuko da PC, Xbox One, Xbox Series X, PS4 eta PS5ean. Oraingo honetan jokalariak Dani Rojas izeneko gerrilari bat kontrolatuko dute; emakumezkoa edo gizonezkoa izango den hautatu ahalko da abentura hasterakoan.
Rojasen helburua bere herrialdea askatzea izango da, Kuban oinarritutako fikziozko lekua. Aurpegi ezagunak ikusiko ditugu Far Cry berrian: Giancarlo Esposito aktorea izango da bideojokoaren bilauetako bat.
Garatzaileek lau urte baino gehiago daramate seigarren Far Cryean lan egiten. Ubisoftekoek Navid Khavari bideojokoaren narrazio zuzendaria elkarrizketu dute beraien blogean.
Bikingoek ere bere tokia eduki zuten Forwardean AC Valhallarekin. Aurkezpenean gameplay bideo labur bat erakutsi bazuten ere, ostean ordu erdi inguruko bideoa ikusi ahal izan genuen.
Berritasun nabarmenena erasoaldien aldetik dator. Eivor protagonista bere armada propioaren buru izango da, eta gotorlekuak konkistatu ahalko dira hori erabilita. Bestalde, Origins eta Odysseyn ikusitakoa jarraituko du Valhallak.
Izenik handienak aldez aurretik ezagutzera emanik, beste guztia dagoeneko ikusita genuena izan zen: Watch Dogs Legion mundu irekiko abentura eta Hyper Space battle royalea erakutsi zituzten.
Watch Dogsen hirugarren abenturan Londresko hiria eta bere herritarrak izango dira protagonistak. Ez da gutxiagorako: askotariko adin, lanbide eta jatorria duten pertsonaiak errekrutatuko dituen erresistentziarekin bat egingo dute jokalariek.
Pertsonaia horietako edozein kontrolatu ahalko da: hacker gazteak, hiltzaile profesionalak edota agure eta atsoak izango dira WDko izarrak. Bakoitzak bere ezaugarri eta ahalmen bereziak edukiko ditu. Hala ere, kontuz ibili beharko da; baten bat hil egiten bada, betirako galduko dugu.
Bukatzeko, Hyper Spacen beta irekiari hasiera eman diote Ubisoftekoek. PCrako froga da, eta Uplay bidez jaitsi beharra dago. “Hiriko battle royale” bezala bataiatu dute Hyper Space; betara jokatu nahi dutenek hemendik jaitsi ahalko dute.
Atzoko Ubisoft Forwarda ez da izango enpresak urte honetan egingo duen aurkezpen digital bakarra. 2020ko azken hilabeteetarako beste ekimen bat agindu dute frantziarrek; ikusteko dago bideojoko berriak aurkeztuko dituzten edo dagoeneko ezagutzen ditugunei buruzko berritasunak soilik ikusiko ditugun.
Iruzkinak