Hyper Spacen iragarpen ofiziala bihar egingo bada ere, jokoa hilaren 12an argitaratuko da PC eta kontsoletarako.
Rod Breslau “Slasher” bideojoko lehiakorretan adituak Twitter bidez zabaldu duenez, Ubisoft bere battle royale propioa prestatzen ari da. Hyper Space deituko da, eta datorren hilabetean argitaratuko du enpresa frantsesak.
Slasherren hitzetan, “mundu birtual futurista batean girotutako FPS battle royalea” izango da Hyper Space. Ubisoft Montrealek garatutako doako bideojokoa izango da, eta PCrako zein kontsoletarako kaleratuko dute. Ez hori bakarrik, plataformen arteko jokoa ere ahalbideratuko dute garatzaileek.
Iturri berberak atzo arratsaldean informazioa txiokatzerakoan Prisma Dimensions izeneko produktua ikusiko genuela aipatu zuen. Ordu batzuk beranduago izen bereko webgunea publiko egin zuen Ubisoftek.
Twitcherako euskarri berezia edukiko duela nabarmendu du Slasherrek. Zehazki, txateko erabiltzaileek partidetan eragiteko ahalmena edukiko dute.
Hyper Space bihar iragarriko dute ofizialki, txiolariaren arabera. Ez da askorik itxaron beharko kaleratze egunerako: uztailaren 12an egingo duten Ubisoft Forward ekimen digitalaren ondoren argitaratuko da. Printzipioz PCrako bertsioa ikusiko da egun horretan; kontsoletarako portak beranduago iritsiko dira.
Iruzkinak