Frantsesek Roller Champions eta Anno 1800 jokoekin jarraituko dute bueltarekin. Ez dute zehaztu itzuleraren zergatirik.

Ubisoftek bere bideojokoak Steamen kaleratzen jarraituko du. 2019an PC-ko argitalpenak Ubisoft Connect nahiz Epic Games Store saltokietara mugatu ondoren, Assassin’s Creed sagako azken abentura, Valhalla, Valvekoen plataforma digitalean merkaturatuko dute jakinarazi dute: abenduaren 6an eskuratu ahalko da Steamen.

Starlink: Battle for Atlas izan zen frantsesek PCko saltoki ezagunenean argitaratu zuten azken bideojokoa. Horren ondoren, Valvekoen negozio eredua ez zela aproposa aldarrikatu zuten, “bideojokoen banaketaren errealitatea ez zuela islatzen” adieraziz.

Erabakia ez zen ausazkoa izan: urte horretan abiatu zuen Epic Games-ek saltoki propioa, EGS. Steamek salmenta bakoitzaren etekinen % 30 eramatea “ez zela errealista” aldarrikatuta, Ubisoftekoek alde egitea erabaki zuten.

“Epicek bideojokoen industria berdefinitzen jarraitzen du, eta aurkeztutako bideojokoen banaketa digitalaren eredu berria horren erakusgarria da. Ubisoftek hau babestu nahi du”, adierazi zuten orain hiru urte.

Arestian aipatu modura, iritziz aldatu, eta abenduaren 6an berriz itzultzea erabaki dute; hori bai, ez dute horren inguruko adierazpenik eskaini.

Valhallak, gainera, The Last Chapter izeneko epilogoa jasoko du egun horretan: plataforma guztietan estreinatuko da, Steam barne.

Assassin’s Creedekin hasiko dira, baina etorkizunean Ubisoften are bideojoko gehiago ikusiko ditugu Valven lurralde digitaletan: momentuz Roller Champions eta Anno 1800 baieztatu dituzte Steamerako.

 

Gainerako handiek, bide berbera

Ubisoft Steamera itzuli den azkenetakoa izan da, ordea. Electronic Arts bere bideojokoak Valvekoenean berriz argitaratzen ikusi genuen aspaldi; berriki, Activision-ekoek ere erabaki berbera hartu dute, Call of Duty bezalako saga arrakastatsuak bere plataformatik kanpo merkaturatuz PCan.

Ez da gutxiagorako, Steam baita PCko zein bideojokoen industriako plataformarik indartsuena: aldibereko 30 milioi erabiltzaile gainditzea lortu zuen pasa den hilabetean. Hilabeteei begira jartzen bagara, hilean 120 milioi erabiltzaile igarotzen dira plataformatik. Hori horrela, ez da harritzekoa gainerako enpresek eta argitaletxeek Steamen geratzea erabakitzea.