2019ko zifrak ia bikoiztea lortu dute Gabe Newell-en enpresakoek. 100.000 erabiltzaile eskasekin hasi zuten ibilbidea 2004. urtean.

Azkenaldian Steam marka guztiak hausten ari dela entzun izan dugu. Argi dago PC-ko plataforma bideojokoen munduko arrakastatsuenetakoa dela: bere jokalari kopurua ikusi baino ez da egin behar horretaz jabetzeko. Izan ere, plataforma digitalak 30 milioi erabiltzaile bildu ditu une berean.

Datua SteamDB webguneak eskaini du. Bertan ageri denez, hainbat aldiz egon dira 30 milioiak gainditzekotan, baina joan den igandean lortu zuten lehen aldiz. Zehazki, 30.027.777 bideojokozale konektatu ziren aldi berean Valvekoen saltokira.

Nabarmentzekoa da azken urteetako zifrekin alderatuz gero ikusten den aldaketa. Joan den urte bukaeran, esate baterako, aldibereko 27 milioi erabiltzaileen langa gainditu zuela ezagutu genuen. 2019. urte bukaeran, berriz, aldibereko 18 milioi bideojokalari eskas konektatzen ziren plataformara. Argi dago COVID-19aren pandemiak eta honek eragindako itxialdiak bideojokoen erabilera areagotzen lagundu zutela, baina gaur egun zifrek behera egin beharrean, gora egiten dabiltzala ikusten dugu.

Atzera begira jartzen bagara, 2004an abiatu zenetik emandako hazkundea benetan aipagarria da; izan ere, Steamek 100.000 erabiltzaile baino gutxiagorekin hasi zuen bere ibilbidea garai hartan.

Steamekoen grafikoen orrialde eraberrituari esker, plataforman jokalari gehien biltzen dituzten bideojokoak ezagutzeko aukera dago, gainera. Ohi bezala, Valven doako bideojokoak dira nagusi: Counter-Strike: Global Offensive-k eta Dota 2-k 1.050.000 eta 750.000 jokalari batu zituzten igandean, hurrenez hurren.

Jarraian, nola ez, doako bideojoko gehiago ditugu: Lost Ark, Apex Legends zein Team Fortress 2 famatuak dira jaun eta jabe Steamen. Grand Theft Auto V, Payday 2 edo Naraka: Bladepoint dira, bestalde, ordainpeko bideojokorik jokatuenak.

 

Erraztasunak eta baliabideak, guztientzat

Bideojokoez gain, plataformak jokalarientzat zein garatzaileentzat eskaintzen duen tresna sorta zabala da honen arrakastaren gakoetako bat: mod-entzako Workshop plataforma, Steam Next Fest bezalako ekimen bereziak, aginteak nahi bezala kudeatzeko Steam Input, lagunekin eta familiarekin jokoen liburutegia partekatzeko Family Sharing zein beste hainbat erreminta prestatu dituzte Valvekoek. Ezin gara Steam Deck eskuko PC interesgarriaz ahaztu, noski.

Nabarmentzekoa da, baita, jokoen hizkuntzen fitxetan euskara gehitzeko aukera: orain gutxi inplementatu zuten plataforman. Urrian bilatzaile bidez euskarazko tituluak iragaztea posible izango zela agindu zuten; nahiz eta hilabetea bukatzeko egun gutxi batzuk falta diren, ez dute oraindik aktibatu.