Mailak, etsai nagusiak zein hobekuntzak eta akatsen zuzenketak prestatu ditu Hakita garatzaileak bere tiro joko zirraragarriarentzat.
Sarbide goiztiarrean dagoen Ultrakill indie proiektuak eguneraketa erraldoia jaso du. Act 2: Imperfect Hatred adabakiak askotariko edukiak gehitu dizkio Quake estiloko tiro jokoak Devil May Cry-en moduko hack and slash abenturekin batzen dituen bideojokoari.
Hasteko, Wrath eta Heresy maila sortak dakartza. Girotze berriekin, ez dira erronka faltan egongo; izan ere, retro itxurako shooter honen zailtasun maila benetan latza da. Bizirik irauteko nahiz ahalik eta puntuaziorik onena lortzeko bizkorrak izan beharko gara, baita punteria ona eduki ere.
Mailekin batera, nola ez, etsai zein buruzagi berriak ikusiko ditugu. Hauetako batzuk abenturako gogorrenak izango dira; beraz, aurretik gainerako mailetan ondo trebatuta egotea eskatuko dute.
Ez dira, ordea, bigarren ekitaldi honen adabakiak ekarriko dituen berritasun bakarrak izango. Hakita indie garatzaileak Steam-eko jokoaren fitxan zehaztu duenez, armak pertsonalizatzeko kolore gehiago, errebolberrarentzako modelo berria eta aldaketak, jokagarritasun mekaniken zuzenketa mordoa, etsaien portaeran egindako aldaketak, eta, zelan ez, akatsen konponketak gaineratu ditu adabakiarekin. Berrikuntza guztien zerrenda hemen aurki daiteke.
Aspaldi hitz egin genuen Ultrakilli buruz Game Erauntsian. Tiroketa estilotsuak proposatzen ditu Hakitaren lanak: behin jokora ohituta, jauzika eta irristaka ibiliko gara borroka odoltsuetan gure arerioak akatzen. Egin ahalko ditugun ekintzen artean txanponak airean jaurtitzea eta hauei tiro eginda balek errebotatzea nabarmentzen da, sekulako mina eraginez.
Etorkizunera begira, 3. ekitaldia prestatzea falta zaio Hakitari. Hori eginda, guztira 35 maila inguru eskaintzea aurreikusten du.
Sarbide goiztiarrean egon arren, jokatu dutenen artean aparteko balorazioak eskuratu ditu dagoeneko: erabiltzaileen analisien % 98 positiboa da. Hori horrela, eta eduki mordoa gaineratu duenez, arduradunak bideojokoaren prezioa igotzea erabaki du; orain 17 bat eurotara eros daiteke. Momentuz PC-rako baino ez du baieztatu titulua; argitaratze data ofiziala 2023an jazoko dela aipatzen du garatzaileak.
Iruzkinak